Antaliseko langileen eta enpresaren arteko kontsulta epea luzatu dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 19a, 12:48

Antaliseko langileek Tolosan egindako mobilizazio bat
Lan ikuskaritzarekin izandako bilera eta gero, atzo amaitzekoa zen kontsulta epea urtarrilaren 9a arte zabaltzea erabaki dute. Mikel Zabaleta, ELA sindikatuko kideak hitz egin du Ataria irratian.

Antalis enpresako langile ordezkaritzak azaldu duenez, urtarrilaren 9a arte luzatu dute enpresa eta lan ordezkarien arteko kontsulta epea. Berez, atzo zen bukatzekoa epe hori, baina denen artean irtenbideak bilatu asmoz, zabaltzea erabaki dute.

Erabakia asteartean Lan Ikuskaritzarekin izandako bileraren ondotik etorri da. Bilkuran ikuskariak langileen ordezkariek emandako azalpenak aintzat hartu zituen ELA sindikatutik azaldu dutenez eta "beste bideak arakatzea eta enpresa Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin harremanetan jartzera behartu zuen, langile ordezkarien laguntzarekin", esan dute.

Zuzendaritzak langileei enpresa ixteko erabakia jakinarazi zienetik, enpresa komiteak hainbat bilera egin ditu zuzendaritzarekin. "Denak leku ezberdinetan izan dira, eta azken momentuan ere bilerak lekuz aldatu dizkigute, langileei beren lanpostuen alde borroka egitea oztopatuz", esan du sindikatuak. "Enpresan bertan ez dute negoziatu nahi, ez direlako eroso sentitzen", gaineratu du.

 

Langileek ordea argi dutela diote: "Itxiera azken bidea da eta ahal den guztia egin behar du zuzendaritzak enpresa irekita mantentzeko". Bidea "luzea eta gogorra" dela badakite ordea, eta itxieraeren mehatxua gainean dutela, "baina gure lanpostuen alde borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu", azaldu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!