Gorostidi Harriaren XVI. Txapelketa, igandean

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 2a, 11:58

Iazko edizioko sari banaketa ekitaldiko irudia. Leyre Carrasco

Zazpi harri jasotzailek parte hartuko dute eta sari bereziak izango dira tartean; 18:00etan hasiko da lehia, Adunako pilotalekuan.

Gorostidi Harriaren XVI. Txapelketa izango da jokoan igande honetan, 18:00etan hasita, Adunako pilotalekuan. Zazpi harri jasotzaile ariko dira txapel berezia janzteko lehian: Jokin Eizmendi, Mikel Urra, Sergio Mielgo, Aimar Galarraga, Gari Garmendia, Alex Merlo eta Gorka Etxeberria.

Bost harri zaharrekin ariko dira lanean parte hartzaileak: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra. Harri jasotzaile bakoitzak bi aldiz jaso beharko du harri bakoitza, elkarren segidan, baina jaso beharreko harrien hurrenkera bakoitzak erabakiko du. Azkenean, hamar jasoaldiak ahalik eta azkarren egiten dituenak jantziko du txapela.

Erronka bereziak

Txapelketaz gain, ohi denez, bi erronka izango dira, nahi duen harri jasotzaileak egiteko; biak ere, Iñaki Gorostidi adunarrak lortu zituen. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzea. Hori altxatzen duenak 500 euroko sari berezia jasoko du. «Hamasei urtean inork ez du lortu erronka hau gainditzea. Duela sei edo zazpi urte Ostolaza saiatu zen, baina erori egin zitzaion, eta harria hautsi egin zen. Orain konponduta daukagu», azaldu du Gorostidik.

Bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuz altxatzea. Kasu honetan, altxaz gero, harri jasotzaileak 100 euroko sari berezia eskuratuko du. Iazko txapelketan, esaterako, 208 kiloko zilindro zaharra altxatzea lortu zuten Eizmendik eta Xabier Aranburu Guztak, eta probaren erdibidean geratu zen Galarraga.

Bi erronkek ikusmin handia sortzen dutela esan du Gorostidik: «Erakargarria da. Ikusleak zain egoten dira, harriei ea nork helduko dien». Halaber, «txapelketa oso berezia» dela gaineratu du adunarrak. «Inoiz ez da egin besterik gisa honetako harriekin, garai bateko harri zaharrekin alegia. Garai bateko harri jasotzaileak omentzeko ere balio du».

Eizmendi faborito

Txapelketaren iazko edizioan, hamar harri jasotzaile aritu ziren lehian Gorostidi Harrian, eta Jokin Eizmendik jantzi zuen txapela. Hamar jasoaldiak minutu eta 55 segundoan egin zituen Eizmendik; bera izan zen bi minutu baino gutxiagoan egin zuen bakarra. 2022an, 15 segundo gutxiago behar izan zituen.

Duela bi urte, Aimar Irigoien oso gertu izan zuen, 11 segundora, baina aurten ez da Adunan izango. Gorostidiren ustez, Eizmendi izango da beste behin faborito nagusia: «Urra eta Galarraga ere kontuan hartu beharreko harri jasotzaileak dira. Hiru horien artean egongo da lehen postuetako lehia», esan du Gorostidik. Adunarrak nabarmendu du horrelako lan azkarretan edozein hutsegitek asko baldintzatu dezakeela azken emaitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!