Indusketa lanei berrekin diete Adunako hilerrian

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 25a, 19:57

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak 1936an hilerrian lur emandako gorpu baten bilaketa lanak abiatu zituzten duela bi urte; kanposantu kanpoaldeko bigarren hezurtegia garbitu eta induskatuko dute datozen asteotan.

2021eko uztailean abiatutako lanei segida eman die Aranzadi Zientzia Elkarteak Adunako hilerrian. 1936ko urrian bertan lur emandako gorpu baten bila aritu ziren duela bi urte eta hilerriko mugen barruan dagoen hezurtegia arakatu zuten. Ez zuten esperotako emaitzarik lortu, baina indusketa zuzentzen ari den Karlos Almorza historiagilearen esanetan, kanposantuaren kanpoaldean dagoen bigarren hezurtegian egon daiteke bila ari diren gorpua. Almorzarekin batera, indusketa lanetan ari dira Manex Arrastoa, Jose Luis Iraola Puskas eta Jexux Bidaola Txirrita.

Arrastoari jarraitzeko helduleku garrantzitsu bat dute zientzia elkarteko kideek. Adunako hilerrian bertan lurperatuta dagoen Jose Andres Vicuña Aranburu, gerra garaian Adunako parrokoa zenak dokumentu bat sinatu zuen 1936ko urriaren 17an. Bezperan herriko bide batean aurkitu eta identifikatu gabeko gorpuari kanposantuan lur emateko baimena ematen du Vicuñak eta zehazten du hildakoak burua tiroz josita duela. "Hezurtegi ofiziala, kanposantuko mugen barruan dago, katolikoena da. Baino badago beste bat, hilerriko hesituretatik kanpora dagoena eta pentsatzekoa da han bataiatu gabekoak eta gorriak lurperatu zituztela. Gure esperantza da gorpu hori hor aurkitzea", esan du Almorzak. 

Duela bi urte egindako indusketa lanetan hezurtegi ofizialean aztarnarik topatu ez zutela eta, bigarren eremu horretan hasi zituzten lanak, baina zabor askorekin egin zuten topo. 2021ean bukatu gabe utzitako lan horri segida ematen ari dira egunotan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Asteetako lana izango dute, aurrena kanposantuari atxikitako bigarren hezurtegi hori garbitzen, eta ondoren eremua induskatzen.

Erlazionatuak

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak lanean

Tolosaldeko Ataria 2023 ira 25 Aduna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!