Irizar eta Aduna, lotuta

Ane Urkola 2017ko ots. 9a, 18:12

Andoaingo Sorabilla auzoaren eta Adunako Irizar lantegiaren arteko errepidea zabaldu eta bidegorria egin dute.

Irizar enpresa Adunan eraikitzen ari den lantegi berritik Andoaingo Sorabilla auzora arteko errepidea zabaldu eta bidegorria egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errepideko «hobekuntza» horiek aurkezteko ekitaldia egin du gaur goizean lantegi berrian eta bertan izan dira Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, Josu Amilibia Adunako alkatea eta Jose Manuel Orcasitas Irizar Taldeko zuzendaria.

Markel Olanok hartu du hitza lehenengo. Adierazi duenez, Irizar Taldeak eskatu dio Foru Aldundiari lantegiko sarbideak eta errepidea berritzeko: «Diputazioak lagundu egin nahi die gure lurraldearen aldeko apustua egiten ari diren enpresei». Diputatu nagusiak adierazi du ekonomiaren berpizkundea «bultzatzea» dela Foru Aldundiaren «lehentasuna». Helburu hori lortzeko, 200 milioi euroko plana jarri zuten abian legegintzaldiaren hasieran; urtero, 50 milioi euroko partida dute beraz.

Diputatu nagusiak Irizar lantegiaren «indarra» azpimarratu du: «Irizar erreferentea da eta mundu mailan kokatuko gaitu garraio elektrikoari dagokionez». Era berean, eskertu egin dio Irizarri «Gipuzkoan lantegia sortu, eta eskualdeko herritarrentzako lana sortzea».

«Etxe osoaren lana»

Diputatu nagusiaren hitzetan, ekonomiaren departamentutik haratago, «etxe osoaren lana da ekonomia suspertzea». Hori horrela, Aintzane Oiarbide Bide eta Azpiegituretako diputatuak ere hartu du parte ekitaldian. «Enpresa berriak trafiko pisutsua eragingo du eta sarbide berriak egitea onuragarria izango da industralde guztiarentzat». Era berean, adierazi du mugikortasun jasangarriaren «aldeko apustua» dela obra hori; izan ere, bidegorria sortu dute Irizar enpresaren eta Andoaingo Sorabilla auzoaren artean.  

Josu Amilibia Adunako alkateak azaldu du «urte askotako lana» izan dela eta «azkenean» egin dutela bidegorria. Nabarmendu du ibilgailuen segurtasuna handituko dela, eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetuko duela. Zoriondu egin du Irizar lantegia: «Irizarrek esangura handia du eta ziur onura handiak ekarriko dizkiola herriari eta eskualdeari».

Ekitaldiaren amaieran, Jose Manuel Orcasitas Irizar Taldeko zuzendariak hitz egin du: «Prest daude sarbideak. Itxura ederra hartzen ari den lantegia amaitzea bakarrik falta da». Lantegia maiatzerako amaitzea espero dute eta ziurtzat jo du lantegiak arrakasta handia izango duela: «Ideiak garatzeko eta lanpostuak sortzeko irrikitan gaude», adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!