Conama saria jaso du Adunak, hondakinen kudeaketa planagatik

Itzea Urkizu 2013ko aza. 6a, 12:42

Espainiako Fisikarien Eskola Ofizialak sorturiko fundazioa da Conama, eta Adunak akzesita irabazi du lehiaketan.

Conama Fundazioak antolaturiko lehiaketan garaikurra jaso du Adunak, herriko hondakinen kudeaketa planagatik. Estatuko herri txiki eta ertainen iraunkortasuna nabarmentzen du egitasmo honek, eta azaroaren 11n Granadan izango da sari banaketa.
Conama Espainiako Fisikarien Eskola Ofizialak sorturiko fundazioa da, eta urtero antolatzen duten lehiaketa honek, Madrilgo Gobernuaren eta Granadako Diputazioaren babesa jasotzen du.
Horrela, estatuko herri txikiei eta ertainei begirako egitasmoa izanik, bi kategoria banatzen dituzte antolatzaileek: 5.000 biztanletik beherako herriak daude batetik, eta 5.000 eta 30.000 biztanle arteko herriak bestetik. Sustatzaileen helbururik behinena, tokian tokiko garapen iraunkorra bultzatzen duten udalerrien egitasmoak ezagutaraztea da, eta seigarren aldiz antolatu dute aurtengo lehiaketa.
Aurkezturiko proiektuek Conama Fundazioak finkaturiko gaietako batekin lotura zuzena izatea ezinbestekoa da. Horrela, Adunako egitasmoa hiru arlotan kokatu eta baloratu dute arduradunek: Energia eta aldaketa klimatikoa; Mugikortasuna eta azpiegiturak; eta, azkenik, Gizartea, berdintasuna eta parte-hartzea.
Adunak 469 biztanle dituela kontuan izanda, 5.000 biztanletik beherako kategoriari dagozkion akzesitetako bat eman diote, besteak beste, «herri hondakinen kudeaketa integral eta arduratsuagatik». Herrian orain arte aurrera eramandako egitasmoak saritu ditu Conamak, izan ere, Adunako familien erdiak baino gehiagok konposta egiten du hondakin organikoekin.
Aurrera begirako egitasmoen inguruko aipamenik ere egin du epaimahaiak, eta Adunako hondakin organiko guztiak konposta egitera bideratzea, nahiz gaikako bilketarekin %85a baino gehiago birziklatzea bezalako jomugak azpimarratu dituzte.
Tolosaldeko Mankomunitateak, bere aldetik, «poz handiz» hartu du Adunari emandako saria, eta herri bati eman dioten arren, eskualde osoa baloratzen duena irizten dute: «Eskualdeak hartu duen bidearen eredu dira herri guztiak, eta Adunako herriaren proiektua estatu mailako fundazio batek hain ondo baloratzea, eskualde osoarentzat goraipatze moduko bat da».
Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak ere nabarmendu du Aduna saritu izana, eta Gipuzkoan hondakinen alorrean egindako lana saritzen duten lehen aldia ez dela gogora ekarri nahi izan du: «Usurbilek sari bat jaso zuen, eta Hernani ere hainbat mintegitan hizpide izan da. Gainera, Europar parlamentuak nahiz Rockefeller Fundazioak foru aldundia gonbidatu dute Gipuzkoako esperientzia elkarbanatzeko».
Hala ere, lan handia egin beharra dagoela dio Errazkinek, Gipuzkoan oraindik hondakinen %33a soilik birziklatzen baita.
Bide beretik, adunatar guztiak zoriondu nahi izan dituzte, «halako proiektuak herritarrekin batera ateratzen baitira aurrera», diote: «Sari honek, proiektua amaitzeko geratzen zaizkien azken pausoak emateko indarra ekarriko die herritarrei, eta aurrera begira, herri eredugarria izango da beren lanari esker».

Bilketa sistema berria abian
Datorren astelehenean, azaroak 11, bilketa sistema berria martxan jarriko dute Adunan, eta guztia abiarazteko, eta herritarrekin zuzenean hitz egin ahal izateko egunak zehaztu dituzte. Besteak beste, azalpenak pertsonalki emateko eta materiala banatzeko hitzorduak izango dira, eta Adunako Udalak azaldu duenez, «oso garrantzitsua da etxe guztietatik norbait etortzea».
Horrela, beraz, bihar 09:30etik 13:00era bitarte egongo dira pleno aretoan, eta 17:30etik 20:30era ere bai. Ostiralean, berriz, 09:00etatik 11:00etara bitarte joateko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!