Larraizko Ñañarri etxeari erabilpena emateko bidean

Imanol Garcia Landa 2016ko eka. 15a, 15:00
Ñañarri etxeak bi urte eta erdi daramatza itxita.

Lehiaketara atera du bere kudeaketa udalak; Larraitzen lotarako dagoen eskaerari erantzuna eman nahi zaio, eta egun bideragarritasun planaren zain daude aurrera egiteko.

Larraitz auzoa ingurune paregabean dago, eta bertan zerbitzu gehiago izatea da, besteak beste, Abaltzisketako Udalaren asmoa. Auzo horretan dago Ñañarri etxea, udalarena dena, eta jatetxe eta taberna bezala funtzionatu izan duena. Orain dela bi urte eta erdi itxita dago, eta ordudanik lanketa bat hasi zuen udalak eskualdeko erakundeekin, aldundiarekin eta Hazi erakundearekin batera. «Atera genuen lehenengo ondorioa Larraitzen beste taberna-jatetxe baten beharrik ez zegoela izan zen. Bai agian une jakin batzuetan, baina urte guztia kontuan hartuz gero ez», azaldu du Jon Zubizarreta alkateak. «Larraizko eremu turistiko honi puzzlea osatzeko falta zaiona da lotarako leku bat».

Proiektu berriaren ideia hortik hasi zen, ikusirik lo egiten geratzeko eskaera dagoela. «Ildo hori jorratzen hasi ginen eta hor atera zen gazte jendeentzako, mendizaleentzako, eskolentzako aterpe bat ondo etorriko zela», esan du Zubizarretak. «Gero, beste perfil bateko bisitarientzako, familiak edo bikoteak direla, hotel txiki bat egokitzea».

Hori buruan, zehaztuta duten ideia honakoa da: beheko solairuan aterpea moldatzea, 60 pertsona ingururentzat; erdiko solairua jatetxea eta tabernarentzako, bere terrazarekin eta osagarri guztiekin; goiko solairuan gaur egun dauden zortzi logelak moldatzea bakoitzak bere bainugela izateko, eta solairuak irisgarritasun baldintzak betetzeko moldaketak egitea.

Proiektua kudeatzeko lehiaketa deitu du udalak eta talde bat aurkeztu da. Atzo arratsaldean egindako  osoko bilkuran udalbatzak talde horren eskaintza onartu du. Hori horrela, orain baldintza batzuk bete behar dira proiektuak aurrera egiteko, Zubizarretak azaldu duenez: «Batetik, bideragarritasun plan baten zain gaude, ikusteko ea posible den proiektua aurrera eramatea. Hori eskuetan dugunean, eta aurrekontu zehatza osatu ondoren, Eusko Jaurlaritzara eta aldundira joko dugu diru laguntzak eskatzera. Lehendik ere proiektuaren berri badute erakunde horiek». Aurrekontuak zehaztuko luke zenbat jarriko behar duen alde bakoitzak. «Diru asko da, eta udalak ez du diru sarrerarik horrelako proiektu bati aurre egiteko osotasunean. Udalak bere fondoetatik jartzeko asmoa badu, eta gero hortik aurrera eskatu beharko genituzke aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak proiektua aurrera eraman ahal izateko».

Bi baldintza horiek betez gero, hau da, bideragarritasun plana positiboa izatea eta diru laguntzak lortzea, Ñañarri eraberritzearen lanak udazkenean hastea aurreikusten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!