Oposizioan eman dituzu azkeneko lau urteak. Zein ikuspegi duzu udalaren kudeaketaz?
Gure ustez, ekimen ikuspuntutik eta kudeaketa ikuspuntutik pobrea izan da. Udal gobernu batek jakin beharko luke norenak diren eskumenak. Oria ibaia bideratzeko proiektua, adibidez, Eusko Jaurlaritzarena da eta Bilduk bere programan jarri du. Alderantziz, hondakinen kudeaketa udalaren eskumena da eta herrian bertan egin behar da. Zizurkilen bilketa sistemak ez du funtzionatu eta udalarena da ardura osoa, kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere.
Udal gobernuak esan du legealdi honetan erdira murriztu dutela udalak zuen zorra.
Esan ez dutena nabarmenduko nuke nik. Zorra erdira murriztu bada, aurreko legealditik datorren proiektu batek utzi dituen diru sarrerei esker izan da. Pasus plazako proiektuaren ondorioz, 1,4 miloi euro kobratu da eta diru hori baliatu du udalak zorra murrizteko. Hori da kontatzen ez digutena.
Nabarmendu dute, baita ere, mailegurik ez dutela eskatu 4 urtetan.
Hori egia da. Guk ez dugu ezkutatu gobernu ardurak izan genituenean maileguak eskatu genituenik, baina uste dugu, mailegu horiek ederki justifikatuta zeudela. Emaitzak, gainera begi bistakoak dira. Egia da proiektu asko beste erakundeekin elkarlanean diru laguntza bidez finantzatu zirela, baina ez %100ean. Garai horretan errazagoa zen maileguak eskatzea. Herrian, gainera, Azken Portu edo Pasus plazako etxebizitzak egin eta sarrerak ugariagoak ziren. Alde horretatik, aurrera begirako asmoetan ideia handirik ez dagoela ikusten dugu. Etxeko lanak egin behar dira hurrengo urteetan fruituak jasotzeko eta karpeta hutsik utziko du udal gobernu honek.
Zein proiektu gauzatuko zenuke zuk datorren legealdian?
Adibidez bat gatoz EH Bilduk proposatzen duen Atxulondoren eraberritzearekin. Baina Zizurkilgo Udalak lokal asko ditu eta horien azterketa egin behar dela uste dugu. Ziurrenik hauek ez dira proiektu handiak egiteko garaiak, baina bada garaia, adibidez, errepideen konponketa egiteko edo horren ardura duen Aldundiari lan horiek egin ditzan eskatzeko. Bide beretik, udal gobernura iristen bagara Zizurkilgo saihesbidea egitea erreklamatuko dugu.
Hondakinen bilketa sistemarekin kritiko agertzen zarete.
Gu sistemarekin kritiko gara eta baita martxan jartzeko erarekin. Aurrekoa baino sistema zikinagoa eta garestiagoa da. Herritarren gehiengoa ere ez dago ados. Hondakinak Anoeta eta Irurakoekin batera jasotzen direlako Zizurkilgo datu zehatzik ez daukatela esan zaigu mankomunitatetik. Erantzunik gabeko galdera asko dauzkagu. Eredugarriak bagara Gipuzkoan ez da atez atekoari esker. Hondakin gehien biltzen den lekuetan bosgarren edukiontzia dago eta guk, irabazten badugu, herriari galdetuko diogu zein bilketa sistema nahiago duen.
220.000 euro aurreztu dira zinegotzien dietetan. Neurri hori mantenduko al duzue?
Datu horiek zalantzak jarriko nituzke nik. Egia da alkatearen soldata murrizteko neurria hartu zela baina horrekin batera lanaldi erdiz beste zinegotzi bat liberatu zen legealdi hasieran. Hala ere, erabaki horri ez genion oposiziorik jarri. Zinegotzien dietekin, hor bai, kritiko azaldu ginen: gobernuan dauden zinegotzientzat dietak aurreikusten zituzten baino oposizioan geundenontzat ez. Horrekin ez gaude ados eta gobernura iristen bagara ez dugu sistema hori mantenduko. Ez dakit zer neurri hartuko dugun; gure artean hitz egin eta EUDELetik bidaltzen dituzten irizpideak aintzat hartuko ditugu erabakia hartzeko.