Gazte sartu zara udalean, nola egin diozu aurre egiteko garrantzitsu honi?
Ilusioz hartu dut ardura hau. Zinegotzi sartu nintzenean ikaslea nintzen eta gaur egun lanean ari naiz, egonkortasun ekonomikoa eta abar lortuz. Alkate aukeratuko banindute gogotsu ekingo nioke egiteko honi, ilusioz, eta kanpoan zein barruan dauden eginbeharrei egingo nieke aurre oinak lurrean edukita.
Azken lau urteetan hainbat proiektu gauzatu dituzue; arau subsidiarioak lantzen aritu zarete, parte hartzea bultzatzen... zein proiektu nabarmenduko zenituzke?
Duela lau urte udalean sartu ginenean lehenik eta behin bertako egoera ezagutu behar izan genuen, martxan zein gai zeuden ikusi eta zer egin erabakitzeko. Egia da proiektu horietako asko gauzatu ditugula. Gazteentzako etxebizitza batzuk zeuden abian eta aurrera egitea erabaki genuen. Egia da ere Plan Orokorra, arau subsidiarioak, martxan zegoela jada, onarpenetan hirugarren fasean zegoela eta horri azterketa bat egin genion. Hori egitean ikusi genuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren txosten teknikoak ez zirela aldekoak, ez zirela bideragarriak, eta hori aztertu genuen, aprobetxatu ahal zena hartu eta parte hartzea bultzatu genuen. Hori martxan dugu orain, eta datorren legealdian hori izango da gako garrantzitsuenetako bat. Azterketa asko egin ditugu sailka; zer dugun ikusi dugu, arloz arloko lanketa egin dugu herritarrekin... Zentzu horretan zabor bilketarako sistema berria aipatu behar dut, merktaritza lokalak etxebizitza bihurtu ahal izateko ordenantza –beti ere teknikoki ondo aztertuta– TAOa... Legealdia hasi eta segituan TAOa bai ala ez aztertzen aritu ginen. Parte hartze bidez bideratu genuen afera, eta oso interesgarria izan zen, herritarrek oso ondo erantzun zuten. Lehen urte horretan geldikinik ez geneukan, kontuak oso estu genituen, eta zerbitzuen inguruko azterketa sakona egin genuen. Gastu batzuk kendu genituen, herritarrei ondorio negatiborik ekarriko ez zutela aztertu ondoren.
Eta zein izango da datozen lau urteetarako lan ildoa?
Nolako herria nahi dugun aztertu behar dugu; zerbitzuak, etxebizitzak... guzti hori definitu eta onartu behar dugu. Gune kritiko batzuk baditugu; Ibarra Berastegi, Elduaien eta Berrobiren lotura bat da eta errepidearen zein komunikazioaren inguruko erabaki garrantzitsuak hartu behar ditugu arau orokorretara begira. Aurreko legealdiko Agenda 21aren berrikuspena egin dugu eta 9 zehar lerro, 33 proiektu eta 114 ekintza daude hor, gauzatzeko. Lau urte hauetan udaletxea ezagutu dugu, zein baliabide ditugun ikusi eta egoera ekonomikoki egonkortu dugu, datozen lau urteetan herritarrekin beste pauso bat eman behar dugu gaikako batzorde horiek eta parte hartzea bultzatuz.
Gazteria eta Kirol zinegotzi bezala, zein lan egin dituzue arlo honetan?
Azterketa bat egin genuen, orduan gazte lokalena fenomeno bat zen, 18 gazte lokal zeuden, baina azterketa egin eta urte betera, krisia eta abar medio, egoera lasaitu, eta gaur egun 6 gazte lokal daude herrian. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera azterketa bat egin dugu eta Gaztematika atalaren barruan haur, nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko zerbitzu bat jarriko dugu martxan segituan. Parte hartzea izango du ardatz proiektu honek ere.
Atez ateko hondakin bilketa jarri eta birziklatze tasa %86ra igo da.
Gure helburua ehunekoa zen eta argi geneukan horretara iristeko atez atekoaren alde egin behar genuela. Argi dugu birziklatu egin behar dela eta gure helburua hondakin gutxiago sortu eta sortzen dena birziklatzea da, udaletik horretan lagundu behar diegu herritarrei. Datu oso ona lortu dugu hasi eta segituan, eta datozen lau urteetako apustua izango da bakoitzak hondakinak biltzeagatik ordaintzen duen tasa sortzen duenaren araberakoa izatea, urarekin eta beste zerbitzu askorekin egiten den moduan. Egin beharreko apustua zen eta herritarrei eskerrak eman behar dizkiegu.
Ez al dizu bertigorik ematen alkatetzarako aurkezteak?
Ez da erabaki erraza, baina egia esan lau urte hauetan ikusi dudana da taldeko funtzionamendua ematen dela. Erabakiak taldean hartzen ditugu eta horrek, taldearen sostengua izateak, lasaitasuna ematen du. Aurkezten dugun taldea oso ona da, esperientziaduna... Gustura nago taldearekin, bestela ez nintzateke aurkeztuko.