Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

«Badirudi guri norbaitek eman behar digula euskaldun izateko agiria»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 14a, 10:07

Duela lau urte PPk galdu egin zuen Tolosako udalbatzan zuen eserleku bakarra, 11 botogatik; aurten zinegotzia berreskuratu eta jarrera erabakigarria izango dutela dio Pello Atxukarro alkategaiak.

Tolosarturiko oiartzuarra da Pello Atxukarro (1955) argiketaria, eta PPko alkategaia da Tolosan. Euskara darabil bere egunerokoan, eta gaztelaniarekin batera aldarrikatzen du bere hizkuntzatzat.

Zure hautagaitzaren aurkezpenean, euskaldun eta espainiar aldi berean izatea aldarrikatu zenuen, horretarako oraindik askatasunik ez dagoela esanez. Egoera hori aldatzea al da zure proposamen nagusietako bat?

Niri ez dit inork espainola izatea ukatzen. Aldiz, arazo bat dut euskaldun izatearekin, izan ere, badirudi guri norbaitek eman behar digula euskaldun izateko agiria. Eta, hori, oso gauza gogorra da. Norbaiti bere identitatea ukatzea da, eta min ematen dit norbaitek hori asmo politikoarekin erabiltzen duenean. Horregatik aldarrikatzen dut, naturaltasun osoz, beste edozein bezala gu ere euskaldunak garela. Eta identitate kontuak garrantzitsutzat ditudanez, noski, nire lehentasunetako bat izango da hori.

Hauteskundeen ataria balantzeen garaia izaten da. Zein iritzi duzu azken lau urteez?

Akaso nire arreta eskasaren ondorio izango da, baina, lau urteotan EH Bilduk egindako ezer aipagarririk ez dut buruan. Aldiz, hondakinen gaiarekin aurkakoa pentsatzen dut. Alkateak hondakinen mahaian parte hartzeko gonbidapena eskertzen dut, baina, uste dut EH Bilduk hartutako erabakia inposizio jarrera bat izan dela. Gainera, kontsultaren bultzatzaile izan dira beti eta, horretarako aukera izan dutenean, ez dute kontsultarik egin. Halaber, askatasuna nire jardunaren oinarritzat dudanez, ez dut ondo ikusten, herriko egun bereziak, —inauteriak edo sanjoanak, adibidez—, norbere aldarrikapenetarako erabiltzea. Gainontzekoekiko errespetu falta dela iruditzen zait.

Udalera iritsiko bazina, nola kudeatuko zenuke bertako ekonomia?

Tolosan eta edozein lekutan oso ondo dakigu krisiaren ondorioz jendea nola bizi den. Horren irtenbide nagusia lana da, zalantzarik gabe; pertsonari askatasuna ematen dio, eta hori da lortu behar duguna. Espainian, nire ustez, bide onetik goaz, datuei begira; BPG %2,5ekoa izango da aurten eta, hortaz, duela hiru urteko egoerari buelta eman diogu. Oso itxaropentsu nago. Udalak, beraz, bere esku dagoen guztia egin beharko luke horretan.

Osasun zerbitzua ere ika-mikarako iturri izan da. Zuek zein eredu defendatzen duzue?

Denek bezala, nik ere osasun unibertsala eta doakoa aldarrikatzen dut. Beste kontu bat da, hori sare publikotik egin behar den ala ez. Niri oso ondo iruditzen zait sare publikotik egitea baina, era berean, ez da derrigorrezkoa, nire ustez. Beharbada sare publikoa ez da, beti, emaitza onenak ematen dituen sistema, eta badira publikoa eta pribatua uztartuz oso ondo eman daitezkeen zerbitzu publikoak, errendimendu hobearekin, gainera. Egoerak aztertu behar dira, baina ez naiz aukera bakar batera ixten.

Lau urte pasatxo dira ETAk su eten iraunkorra iragarri zuela. Zein puntutan ikusten duzu bake prozesua?

Aurrerapauso handirik ez dut ikusten, eman beharko lituzketenek ez dituztelako ematen. Etakideak eta ETAren ingurukoak dira pauso horiek eman behar dituztenak. Sortuko presidente Hasier Arraiz duela gutxi entzun nuen, presoei egindako kaltea errekonozitzea eskatzen. ETAk egindako kaltea ez da onargarria, inondik inora, beraz, horrelako kaltea egin duenari barkamena eskatzeko esatea, pauso izugarria al da? Niretzat ez. Sinesgarria izan dadin derrigorrezkoa da ETA desagertzea, eta hori ez da iritsi. Badakigu herri honetan jende askok sufritzen duela, tartean, etakideen senideek. Horren kontzientzia dut eta beren aldarrikapenak ulertzen ditut. Baina ez zait zuzena iruditzen, kaltea errekonozitze hutsa sekulako aurrerapausotzat hartzea.

Horren harira, Tolosako Bizikidetza Foroko kideetako bat zara. Zein puntutan dago talde horren lana?

Taldekideon harreman pertsonala oso osasuntsu dago. Hustu egiten da norbera, pentsatzen duen guztia azalduz, eta oso interesgarria da besteen iritziak entzutea. Zintzotasuna ikusten da kide guztien aldetik, eta garbi dago ahalegin handia egiten duela bakoitzak. Beste kontu bat da, ordea, zer eta nola egin behar dugun adostea. Ez dira kontu errazak, baina bide horretan gogotsu ari gara.

Espainieraz gain, euskara ere lehentasunezko hizkuntzatzat duzuela azaldu zenuen zure aurkezpenean. Zure alderdian, ordea, zure antzeko norbait topatzea ez da ohikoena.

Egia da nire alderdian euskaraz aritzea oso zaila dela, ez baitira gehiegi euskaraz hitz egiten dutenak; oraindik irabazi gabe dugun apustua da. Pixkana ari gara. Euskararekiko kontzientziarekin, askotan esaten digute ez garela euskaltzaleak. Horretan baditugu ahuleziak, baina, hori ez da alderdi arazoa; hori oraindik ere gizartean dagoen arazoa da. Eta alderantziz ere gertatzen da, bai baita euskara hutsa besterik ikusten ez duen jendea.

Hutsune hori onartuz, zein iritzi duzu Carlos Urkijok urteotan hartu dituen neurrien inguruan?

Carlos Urkijok egin dituen lanak oker interpretatu izan dira, ez baita euskararen aurkako jarrera bat izan. Erakunde publiko batek ezin ditu nahierara erabili bere errekurtsoak; horretarako daude ordenantzak, legeak eta eskumenak. Urkijok aurkezturiko helegiteen arrazoia hori izan da: udal batzuk erabili behar ez zituzten tresnak erabiltzen ari ziren. Areago, uste dut Urkijok irabazi egin dituela hainbat auzi epailearen aurrean, beraz, uste dut arrazoia zuela.

Irurako kasuan, adibidez, udalak irabazi du auzia, eta epaileak euskara lehenestea legezkoa dela esan du.

Egia esan, kasu zehatz hori ez dut ezagutzen, baina ezagutzen ditudanetan epaileak arrazoia eman dio.

Duela zenbait hilabete polemika piztu zuen jaurlaritzak euskal komunikabideei diru laguntzak banatzeko irizpide aldaketak. Behar bezalako babesa jasotzen al dute?

Gai hau ez dut jarraitu. Dena den, argi dago euskarak oraindik laguntza behar duela zenbait esparrutan. Ziur aski ezingo litzateke euskara hutsezko egunkari bat mantendu, erosle kopuruarekin soilik. Hori bai, ez naiz ausartzen esatera zenbat diru laguntza eman behar zaien komunikabide horiei.

Herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen al duzu?

Pertsonen erabakitzeko eskubidea defendatzen dut. Kataluniako kasuan nik ere bozkatu egin nahi nuen, izan ere, denoi dagokigu konstituzioak, gureak, Espainiako edozein txokotako herritarroi ematen digu erabakitzeko eskumena. Hemen gauza bera gertatzen da, baina, kontua ez da euskaldunok geurea erabaki nahi dugula; kontua da gainontzeko espainiarrek ere badutela Euskal Herriaz erabaki bat hartzeko aukera. Badakit jende askok eskatzen duela, baina bizi dugun globalizazioan, ez dut ulertzen besteengandik banandu nahi izatea. Euskaldunoi nork ukatzen digu euskaldun izatea? Badugu gure autonomia; badugu gure nortasunaren errespetua. Non dago gainontzeko espainiarrekin batera bizitzeko arazoa? Iruditzen zait nazionalistek beren alderdia eta esparrua zuritzeko erabiltzen dutela auzi hori.

Duela lau urte udalbatzan zenuten aulkia galdu zenuten. Nola ikusten dituzu aurtengo emaitzak?

Ez dut errekonozimendu handirik espero, baina, uste dut Tolosan badela gure pentsaerarekin bat datorren jendea; horregatik, udalean ordezkaritza lortzeko adina boto bilduko ditugula uste dut. EH Bilduk alkatetza ez hartzeko erabakigarriak izango gara eta, EH Bildu diot, beraiekin dudan arazoa sakona baita; demokrata izate horretan bide luzea dute egiteko.

Gainerako alderdien ezaugarri positibo bana aipatzerik bai?

Denak demokrata direla aipatuko nuke. Pertsona askatasunik gabe gauza hutsala da eta, askatasun horrek, baldintza batzuk eskatzen ditu. Beraz, baldintza horiek errespetatzen ez badira, ez dugu ezer. Oro har, uste dut errespetu aldetik demokratak direla; horrek itxaropen handia ematen dit. Dena den, EH Bildurengatik ezin dut erabat gauza bera esan, oraingoz behintzat. Noizbait esan ahal izatea espero dut.

Zer egiten duzu politikatik deskonektatzeko?

Egia esan ez dut asko deskonektatzen. Oso gazte hasi nintzen politikan, eta interesatu egiten zait nire inguruan gertatzen dena. Horrez gain, oso gustuko ditut, mendia, kirola eta zinema. Eta, benetan oso gustuko dudana jendearekin hitz egitea da, oso jende interesgarria ezagutzeko aukera izan dut eta ikaragarri ikasi dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!