Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

Iban Agirre: "Erakundeen arteko elkarlana sustatuko dugu"

Jon Miranda 2015ko mai. 12a, 09:00

37 urte ditu eta bi seme-alabaren aita da. Orain arte, Lasarte-Orian egin du lan elektrikari gisa. Politikagintzara salto egiteko erabakia hartu du, herriaren alde egiteko.

Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateko eskaintzari?

Nire alderdiak aukera hau eskaini dit eta oso eskertuta nago. Amasa-Villabona ahalik eta onena egiteko langintzan aritu ahal izatea ohore bat da niretzako.

Zer nolako taldea aurkezten du EAJk?

Oso harro nago aurkezten dugun taldeaz eta babestuta sentitzen naiz. Nahiz eta ni berria izan, taldean badago politikagintzan esperientzia duen jendea. Oro har, herriko egoera ezagutzen duten lagunek osatzen dute taldea. Adin ezberdinetakoak batu gara eta horrek aniztasuna ematen dio hautagaitzari.

Zein balorazio egiten duzue Bilduren udal gobernuaren kudeaketaz?

Zaborren kontua aipatu beharra dago. Arazoa ez zegoen tokian gatazka sortu dute eta lau urteotan udal gobernua trabatuta ibili da gai horrekin.

Zein proposamen egiten dituzue krisi ekonomikotik ateratzeko?

Villabonak ez du industria handirik eta daukaguna mantendu beharra dugu. Nekazaritza, berriz, gure kulturaren parte da eta babestu beharra dago. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako turismo sailarekin elkarlanean landa turismoa bultzatzeko laguntzaren bat bilatu beharko litzatekeela iruditzen zait. Bestalde, ni herriko merkataritzaz harro nago oso. Aldamenetako herrietako jendearentzat erreferentzia dira bertako komertzioak eta gure laguntza izango dute gobernura iristen bagara. Azken finean, sektore guztien beharrak detektatu, elkarlana sustatu eta sortu daitezkeen arazoei soluzioa ematen saiatu beharko genuke udal gobernutik.

Gizarte politikei dagokionez zein neurri bultzatuko duzue EAJtik?

Esklusio egoeran dauden sektoreak laguntzen segi behar dugu. Baina kritikoa izan nahi nuke puntu honetan: laguntzak eman bai, baino kontrol handia eduki beharko litzateke. Ezin dira laguntzak nola hala eman eta arretaz jokatu behar dugu, beharrik ez duen jendea gizarte laguntzez aprobetxatu ez dadin.

Zein proiektu bultzatuko zenuke alkatetzara iritsiko bazina?

Buruan asmo asko dauzkagu eta diru gutxi izaten da, normalean, horiek burutzeko. Erakunde ezberdinekin elkarlana sustatu beharra dago, proiektuetarako diru laguntzak lortzeko. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, adibidez, hitz egin daiteke, batxilergoa herrian bertan eskaini ahal izateko. Sacemgo zubia ere zabaldu nahi genuke, oinezkoak eta autoak partekatu dezaten segurtasun berme guztiekin. Tolosan egin bezala presa puzgarri bat jarri nahi genuke uretako kirolak sustatzeko eta kultur etxea egokiago baten beharra ere ikusten dugu.

Hondakinen bilketa sistemarekin kritiko agertzen zarete. Zein proposamen duzue?

Atez atekoa kentzea da gure alderdiak proposatzen duena. Itsusi egiten du, ez da garbia eta garestia da gainera. Guk argi dugu sistema hau ez dugula gustuko. Duela bi urte galdeketa bat egin zen eta nahiz eta jendeak lasaitasunez ezin iritzia eman, Bilduk hauteskundeetan lortutako botoak baino gehiago izan ziren atez atekoaren kontrakoak. Jendea kezkatuta zegon gai honekin eta bi urte pasa eta gero kezka horrek bere horretan segitzen duen jakin nahi dugu. Berriz ere herritarrei  galdetuko diegu.

Kultura eta euskararen arloan zer proposatzen duzue?

Kultura funtsezkoa da eta pentsatzen dugu gauza gehiago egin daitezkeela. Gustatuko litzaidake asteburuetan gauza gehiago egotea herrian, Villabonan geratu eta beste inora joan beharrik ez izateko. Euskara ere bultzatu beharrekoa da, ez dago gure herrian umeak erdaraz entzutea baino gauza tristeagorik. Hizkuntza gure kulturaren parte da eta babestu beharra dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!