Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateko eskaintzari?
Gu ez gara politikoak. Duela lau urte egoera berezian aurkeztu ginen. Orain egindako lanari segida eman nahian EH Bilduk egindako eskaintzari baiezkoa eman diot. Legealdi honetan udal taldeak lan handia egin du, baita itzalean egon diren hainbat herritarrek ere. Urte oparoak izan dira. Orain hautagaitza berria adin ezberdinetakoek osatzen dugu. Bertan bizi gara eta bertakoentzat lan egiteko prest gaude. Talde polita da eta esperientzia eta berritasuna uztartzen ditugu.
Egoera larrian topatu zenuten udala duela lau urte.
Kudeaketa ekonomiko ona eraman dugula esango nuke. Legealdi honetan zorra erdira jaitsi dugu eta murrizten jarraitzea da asmoa. Gure aurreko udal gobernuak neurriz kanpora zorpetu zuen udala. Zorpetuta egotea normala da, baina ez neurriz kanpora. Guk, orain arteko bide berean jarraituko dugu: lau urteetan 220.000 euro aurreztu ditugu zinegotzien soldata eta dietetan eta udalaren funtzionamendu gastuetan 125.0000 euro gutxiago gastatzen da urtero. Gure ustez hori da bidea.
Krisiak astindu handia eman al dio herriari?
Gure kezka nagusienetakoa langabezia da. Aiztondo bailaran eta Tolosaldean eutsi diogula iruditzen zait. Aurrera begira jarduera ekonomikoa indartzea izango da gure asmoa. Eskualdean tresna ona dugu: Tolosaldea Garatzen eta haiekin elkarlanean jarraituko aurrerantzean ere.
Sektore ezberdinak bultzatzeko zein neurri hartuko dituzue?
Bereziki merkatariekin egin nahi dugu lan. Komertzioa sustatzeko lana jarriko dugu martxan datorren legealdian. Berriki, adibidez, ile apaindegi bat ireki da herrian eta gure aldetik erraztasun guztiak eman dizkiogu. Plan horren baitan, azoka baten proiektua aztertzen ari gara. Bertako produktuak, garaian garaikoak, freskoak salgai jartzeko espazio bat sortu nahi dugu.
Aipatu duzu Joxe Arregi plazan egin diren lanak. Bukatuta al daude lan guztiak?
Herritarrek hala eskatu zutelako, estalpearen lanekin amaituko dira plaza bertako lanak. Ingurune horretan, gainera beste lan batzuk egin dira urteotan: bidegorria, esate baterako. Futbol zelaia ere berritu da horren aldeko apustua egin dugulako, bestela zerbitzu hori galdu egingo genuen. Orain Atxulondo kultur etxean birpentsatu beharra dago. Igogailua jarriko da bertan eta Aiztondorako liburutegiaren proiektua gauzatzen denean erdi hutsik geratuko da. Nola eta zertarako erabili nahi dugun pentsatu beharko dugu denon artean. Orain Aurrera plazan dauden bulegoak bertara aldatu eta zerbitzu guztiak bertan zentralizatzea izan daiteke aukeretako bat.
Zein asmo dauzkazue Zizurkil Goian?
Urteetako utzikeriarekin amaitu dugu legealdi honetan. Aparkaleku, espaloi, parke eta abarrak berritu ditugu. Orain etxebizitza proiektu bat martxan jarriko da eta hori aprobetxatuz Pello Mari Otaño plaza berrituko dugu. Momentuz ezingo da erabat oinezkoentzat izan baina pausoak eman nahi ditugu norabide horretan. Ugare auzoan ere, berdintsu egin dugu auzotarren bizi kalitatea hobetzeko aparkaleku sistema aldatu dugu.
Herritarrekin egin duzuen elkarlana nabarmendu duzue.
Bai, kulturaren arloan, adibidez, ekimen parte hartzaile eta anitzak egin ditugu, eta egunotan ospatzen ari den Maiatza Saltsan da horren adibide onena. Herria kohesionatzeko bidean, giza eskubideen arloan, urratsak eman ditugu:. Zizurkilgoa izan da indarkeriaren biktima guztiak aitortu dituen lehen udala eta harro gaude horretaz. Baina hemendik kanpora ere egin ditugu harremanak: Herrialde Katalenetako Lladó herriarekin senidetu gara eta Euskal Fondoaren laguntzarekin El Salvadorreko Meanguerarekin dugun senidetzea bultzatzen segituko dugu.