Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

Itziar Jauregi: "Atez ateko sistema kentzea proposatzen dugu"

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 13a, 08:55

Ibarrako udaletxean urteetan zinegotzi aritutakoa da Itziar Jauregi (Ibarra, 1956). Ibarraren alde lan egiteko gogoz dagoela dio.

EAJren bozeramailea izan zara azken lau urteetan udaletxean, zein balorazio egiten duzu bertako jardunaz?
Udaletxe batean lan handia dago eta gauza asko egin daitezke, baina horretarako proiektu zehatzak edukitzea eta benetan Ibarrari zer interesatzen zaion jakitea beharrezkoa dira. Ibarrak aurrerakuntzarik ez du izan azken lau urte hauetan.

Zein da beraz, Bilduren udal gobernuaren inguruan duzun iritzia?
Alkatearekin izan dudan harremana ona eta irekia izan da, baina herriko gaiak kudeatzerakoan eta lehentasunak ezartzerakoan ez gara bat etorri. Atez atekoak ez zeukan inolako lehentasunik.

Oso kritiko azaldu izan zara atez ateko hondakin sistemarekin. Birziklatze tasa asko igo da herrian, %86ean kokatzen da. Zein aukera eskainiko zenukete tasa horri heltzeko?
Normala eta logikoa da birziklatze tasa igo izana, lehen bakarrik plastikoa, papera eta beira birziklatzen baitziren. Ibartarrei aurreko legealdian ezker abertzaleak bosgarren edukiontzia jartzeko aukera betatu zien Tolosaldeko Mankomunitatetik. Orain, organikoa eta errefusa ere birziklatzen direnez, tasa igotzea normala da. Hala ere, papera, plastikoa eta beiraren bataz bestekoa begiratzen badugu, orain arte jasotakoarekin hainbesteko aldea ez dagoela konturatuko gara. Sasietan badaude hainbat herri edukiontzi sistema izanda emaitza berberak lortzen dituztenak, herena kostatuz. Guk hori nahi dugu.

Herri kontsulta deituko zenuke alkatetzara iritsiz gero?
Gure programan doan ideia bat da eta ibartarrei zin egin diegu alkatetza lortuz gero kontsulta bat egingo dugula.

Nolako lantaldea osatu duzue udal jardunean aritzeko? Zeintzuk dira zuen ezaugarri nagusiak?
Gure herriaz kezkatuta dagoen taldea da. Guztiak bere onena emateko prest eta guztion onerako gogor lan egiteko prest. Ibartarrak entzuteko prest gaude. Talde leial, zintzo eta arduratsua gara. Guztion artean Ibarra hobea eraiki nahi dugu. Ibarra Hazi Arazi nahi dugu.

Zein da datozen lau urteetarako proposatzen duzuen lan ildoa?
Atez ateko sistema kentzea. Bosgarren edukiontziaren alde egiten dugu apustua, kaleen garbiketa hobea lortu, hiri altzarien mantentze hobea egin, alokairurako etxebizitzak eraiki Ibarran bizi nahi dutenentzat, Izaskun auzoa birgaitu, eta  merkataritza eta enpresa ekimenak sustatu Ibarra biziago bat sortzeko.

Industria sarearekin elkarlanean aritzeko eta eragile ekonomikoekin, merkatariekin eta gizarte arloko elkarteekin kudeaketa partekatua bultzatuko duzuela esan duzu, nola egingo duzue hori?
Langabezia jaitsi ahal izateko ibartar langabetuez osatutako udalak sortzen dituen aldi baterako garbiketa eta mantentze lanetarako zerrenda edo lan poltsak osatzea eta hauek, berdintasunez, txandaka eta zuzentasunez kudeatuak izatea bultzatuko dugu. Lanbiderekin lan egingo dugu Ibarrako langabetuak kontratatuak izan daitezen. Era berean, Ibarrako sendien bizi baldintzak hobetzen saiatzeko lanean jarraituko dugu. Erakundeekin batera egingo dugu lan Ibarran dauden arazoak gainditu eta laguntzak lortzeko. Norberaren ingurua elkarbizitzarako gunerik egokiena dela uste dugu. Horretara bideratuko ditugu, telelaguntza eta telemonitorizazio programak, bakarrik edo landa guneetan bizi diren pertsonenganako arreta lehenetsiko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!