Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateko eskaintzari?
Pauso bat gehiago emateko garaia zela iruditu zait. Erabateko sinesmena daukat aurkezten dugun proiektu politikoan. Oso eroso sentitzen naiz nagoen tokian. Egia da ez nuela aurreikuspenetan sartzen alkategai izatea. Konpromiso politikoari leiala natzaiolako eta aurkezten dugun taldearen indarra eta ilusioa ikusi ditudalako, baiezko borobila eman diot eskaintzari.
Nolakoa izan da herri programa osatzeko prozesua?
Aurreko azaroan abiatu genuen prozesua eta 75 bat hautagairen izenak jaso genituen. Bestalde, 30 ekarpen baino gehiago jaso ditugu herri programarako. Oso prozesu aberatsa izan da.
Komunikazio eta parte hartzeari garrantzia eman diozue programan. Zergatik?
Gu ez gatoz politika modu konbentzional batean egitera. Gu ez gara politikagintzan profesionalak. Guk herrigintzan sinisten dugu. Udal barnean gertatzen den edozer gauza herritarrei iristarazteko bitartekoak jarri ditugu azkeneko legealdian, informazio gardentasunaren mesedetan: Amavi aldizkaria eta buletinak sortu ditugu eta informazio asko sartu da etxeetan. Komunikazioan asko gastatu dugula esan izan digu oposizioak eta gure ustez, gastua baino, inbertsioa izan da egin duguna. Demokrazian sakontzeko bidea da: lehenengo informazioa eman behar da, gero herritarren parte hartzea bermatzeko.
Euskararen arloan zein asmo duzue?
Euskara sustatzeko ekintza plana onartu dugu legealdi honetan eta bide orri honekin jarraituko dugu. Herritarren hizkuntza eskubideak berma daitezen dauden mugak gainditzeko borondatea dugu. Eta euskara ikasteko doakotasunean sakontzea da asmoa datozen lau urteetan. Horrekin guztiarekin batera Amasa-Villabona UEMAn sartzea nahi genuke. Ez da helburu bat bere horretan, gure lanerako tresna bat izan dadin nahi dugu. Iruditzen zaigulako mankomunitateko kide izanda errazago izango dela euskararen normalizazioan aurrera pausoak ematea.
Kulturaren arloan plan estrategiko bat garatzeko asmoa agertu duzue.
Kultura herritartzeari garrantzia eman diogu legealdi honetan. Herriko artistak kontuan izan ditugu eta horrek arrakasta ekarri digu. Herritik herriarentzat aritu gara. Kultura sailean teknikari finkoa dugu azkeneko bi urteetan eta egindako lanaren emaitzak bistakoak dira. Bataz beste 500 pertsonatik gora dira kultur ekitaldietan parte hartzen dutenak. Datu hori, niretzat, oso esanguratsua da. Orain, benetako beharrak aztertu eta horiei erantzuten saiatuko gara. Eraikinei erreparatu behar diegu, kalitatezko kultur azpiegiturak behar baitira. Eragileekin hitz egin eta beharrezko inbertsioak egingo ditugu.
Zein beste inbertsio proposatzen duzue datorren legealdirako?
Guk ez dugu zementua zementuaren gaineko proiektuetan sinesten. Jakitun gara, hala ere, mantenu lan handia dugula egiteko udal eraikinetan: hezetasun eta irisgarritasun arazoak dauzkagu. Amasa eta Otsabiko bidea oinezkoentzat egokitu nahi dugu, presazko lana dela iruditzen baitzaigu. Behar Zana frontoiko irisgarritasuna ere aztertuko dugu, nahiz eta teknikoki ez dagoen erraza. Obra berri gisa, bolatokia ere gure asmoen barruan dago. Ilusio berezia egiten digun proiektua da.
Hirigintza plana berrikusiko al duzue legealdi berrian?
Industriarako lur zorua irabazteko asmoz, hirigintza plana berrikusteko asmoa dugu. Lur zoru gutxi dugu laua eta erabiltzeko modukoa dena. Etxebizitzak egiteko aurreikuspen handiak zeuden plan orokorrean, baina garaiak ez dira egokienak horretarako, are gutxiago, herrian 300 etxebizitza hutsik daudela ikusita. Sacemgo inguru horretan jarduera ekonomikora lurzoru gehiago bideratzea aztertuko dugu.