Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

«Denen hizkuntza eskubideak bermatu behar dira, gazteleraz bizi direnenak ere bai»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mai. 19a, 10:45

Igandeko bozetan emaitza onak espero dituzte sozialistek, eta akordioetarako prest azaldu du bere burua Jose Ignacio Asensio alkategaiak

Lau urtean bere aulkia soilik izan du Jose Ignacio Asensiok (Tolosa, 1966), PSE-EEren ideiak Tolosako udalbatzan defendatzeko. Kanpainak herritarrekin eskuz esku aritzeko aukera ematen diola azpimarratuz, «emaitza onak» espero ditu.

Zure hautagaitzaren aurkezpenean gauza txikiei garrantzia eman beharra azpimarratu zenuen. Zein dira gauza txiki horiek?
Ez dakit gauza txikiak diren, baina bai eguneroko gauzak. Herritarrekin hitz egin dugu, eta ikusi dugu eskatzen dizkiguten gauza asko eguneroko gauzak zirela: garbiketa, kaleen egoera eta horrelakoak. Kontu horiei guztiei gehiago begiratu behar zaie.

Zein balorazio egingo zenuke azken lau urteen inguruan?
Behin baino gehiagotan azaldu dugun moduan, negatiboa da, galdutako lau urte izan baitira. Azpimarratzekoa da, EH Bilduren gobernuak proiektu propio bakar bat eraman duela aurrera, eta hori hondakin bilketa sistema ezartzea izan dela. Gainerako egitasmoak —Lehiberri, Euskal Herria plazako etxebizitzak, Berazubi estadioko obrak, Amarotz auzokoak,...— lehendik zetozen proiektuak dira. Eta, areago, gehienak aurreko Eusko Jaurlaritzak eta aurreko Espainiako Gobernuak bultzaturiko proiektuak izan dira.

Oso pixkana bada ere, badirudi krisialditik arnas pixka bat hartzen ari dela gizartea. Garaiotan, nola kudeatuko zenuke udaleko ekonomia?
Makroekonomikoki datuak ez doaz behera, baina gizartea ez dakit irten den. Tolosan, adibidez, %15-16ko langabezia tasa daukagu, eta janari bankura, adibidez, 180 familia joaten dira, hilero. Datu oso larriak dira. Udalari dagokionez, gure ustez epe luzeko inbertsio planak egin behar dira. EH Bilduko gobernuak ez du, etorkizunera begira, inongo proiektu estrategikorik utzi, eta lau urterako inbertsio plan bat bideratzeak lehen pausoa izan beharko luke.

Herriko sozioekonomiaren alde, berriz, zein proposamen dituzue?
Hiru ardatz nagusi ditut hor. Lehenengoa industriaren aldeko apustu argi bat egitea litzateke, Lehiberri eta Tolosaldea Garatzen baliatuz; beren finantziazioa sustatu behar da. Bide beretik, langabezia aipatu dut, eta hor bi egoera zailean dauden bi kolektibo ditugu, gazteena eta 25 urtetik gorako langabetuena; horientzat plan bereziak sortu behar dira. Azkenik, Tolosan bi sektore nagusi sustatu behar dira, turismoa eta merkataritza.

AHTaren obrak gertakari larriak sortu ditu eskualdean. Egin beharreko azpiegituratzat al duzu?
Bai. AHTa azpiegitura nagusi bat da eta, etorkizunera begira, egin beharrekoa. Patxi Lopez gobernura iritsi zenean zati bat hasita zegoen, eta, guk, sozialistok, beste 17 zati sustatu genituen; guretzat oso garrantzitsua da. Zer egiten du AHTak? Autoen eta hegazkinen erabilera murrizten du. Horrela, AHTa ingurumenari begiratuz, kutsaduraren aldetik, oso egonkorra da. Eta ez hori bakarrik. Egunerokoan trena garrantzitsua da, lanerako, unibertsitatera joateko,... Hori bultzatu egin behar da. Gipuzkoako bi trenbide sareak lotzea proposatzen dugu, Donostiako Loiolako Erriberetan geltoki bat eraikiz.

Hondakin bilketa sistema aipatu duzu, nahikoa ika-mika sortu baititu. Zein proposamen duzue datozen lau urteotarako?
Gure apustua beti bosgarren edukiontzia izan da, eta tolosarrena ere bai. Denok ikusi genituen atez ateko sistemaren aurkako 7.500 sinadura, eta, azkenean, sistema bat asmatu zuen EH Bilduko gobernuak. Sistema hori, ordea, ez da nahikoa Tolosarentzat; murrizketa asko ditu, gainera.

Tolosan eta eskualdean osasun zerbitzuak ere iritzien talka sortu du agintaldian. Zein osasun eredu nahi duzue Tolosalderako?
Unibertsala, kalitatezkoa, publikoa eta doakoa izan behar du, beti defendatu izan dugun moduan. Tolosako kasua berezia da, baina, gure apustua da eskualdeko herritarrontzat Donostia Ospitalea ere erreferentziazko bilakatzea. Asuncionek jarrai dezala, baina osagai bezala, ez Donostia Ospitalearen ordezko. ESIaren funtzionamendua ere argitu egin beharko litzateke. Azkenik, Eusko Legebiltzarrean eta Tolosako Udalean lan mahai bat osatzea eskatu dugu, Osasun Sailarekin eta Tolosaldeko eragileekin.

Lau urte eta erdi dira ETAk su eten iraunkorra iragarri zuela. Geroztik nola ikusten duzu bake prozesua?
Bake prozesuari zerbait falta zaio, eta lehenengo pausoa ETA erabat desagertzea da. Hori gertatuko balitz, pauso berriak iritsiko lirateke guztion aldetik, beraz, funtsean hori da falta dena.

Horren harira, Tolosako Bizikidetza Foroaren jarduna zer iruditzen zaizu?
Oso ontzat jotzen dut egiten dutena. Foro horretan aritzen den jende asko ezagutzen dut, eta egiten ari diren esfortzua oso garrantzitsua da Tolosarentzat. Horrelako talde bat sortu izana pauso garrantzitsu bat da nire ustez.

Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, tamalez, oraindik ez da errealitate bat. Zer proposatzen duzu gizartea zentzu horretan aldatzeko?
Berdintasunarekin legeak eta planak aurretik joaten dira eta gizartean ez dute segituan eragiten. Tolosako Udalean onartu berri dugu Berdintasunerako III. Plana eta, gure ustez, lan bikaina da. Aspaldidanik datorren lana da udalean, eta bide horretan jarraitu behar da. Dena den, argi dago legeak ez direla nahikoa, eta kontzientziazio planak gehiago sakondu beharreko neurriak direla.

Gizarte zerbitzuek, datozen urteetan, gero eta finantziazio gehiago beharko al dute?
Oso posible da hala izatea. Hor filosofia bat izan behar da, eta lehentasunen artean lehentasunena da gizarte zerbitzuak bermatzea. Horrela, baliabide ekonomikoen banaketa ere aldatu egin beharko da; gainerako gauzek itxarongo dute. Hemen elkartasunaz egunero hitz egiten dugu, baina, batzuetan, hitzak besterik ez dira.

Agintaldian udal askok, tartean Tolosakoak, euskara lehenetsi dute udalaren jardunean. Zein hizkuntza politika jarraituko duzue?
Tolosako egoera bikaina da. Ezagutza oso altua da beste hainbat eskualderekin alderatuta eta, alde horretatik, erabileran sakondu behar da. Dena den, Tolosan euskaraz bizitzeko aukera dago, eta ez dut uste inork aurkakoa sentitzen duenik. Baina, ez dezagun ahaztu, denen hizkuntza eskubideak errespetatu behar direla, gazteleraz bizi diren herritarrenak ere bai.

Zer iruditu zaizkizu Carlos Urkijok harturiko neurriak?
Legea legea da, eta errespetatu egin behar da. Baina, bestalde, Carlos Urkijo, bai gai honekin, bai beste batzuekin, protagonismo bila ibiltzen dela uste dut; hori ez da positiboa.

Jaurlaritzak euskal hedabideei diru laguntzak banatzeko irizpidea aldatu du, polemika piztuz. Zein babes jaso beharko lukete?
Diru laguntzei dagokienez, esparru honetan eta beste edozeinetan, irizpideak objektibizatu egin behar direla uste dut.

Herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen al duzu?
Egia esan, nik pertsonen eskubideak defendatzen ditut lehenengo. Guretzat hori ez da lehentasuna, gure herriak bai baititu horren aurreko arazoak. Gainera, batzuetan ez dugu erakundeen lana errespetatzen; legebiltzarrean gai horren inguruko ponentzia bat jorratzen ari dira orain, beraz, ikus dezagun zer gertatzen den.

2011n zinegotzi bat lortu zenuten, eta bi alderdi abertzaleen artean aritu zara agintaldi osoan. Igandean gertatzen denaren arabera, prest zaude akordioak osatzeko?
Gu beti gaude akordioetarako prest. Kontua da batzuek, gehiengo osoa dutenean, ez dutela laguntzarik eskatzen eta ez dituztela akordioak bilatzen; beren ideiak inposatzen dituzte. Hauteskundeetan emaitza onak espero ditugu, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Politikoki lehiakide dituzun alderdien ezaugarri positiborik?
Ez da lan erraza. EH Bilduri dagokionez, legezko izaera onartu dute eta erakundeetan lanean hasi dira berriro. Beste alderdiei buruz, berriz, terrorismoaren aurkako akordioak eta kode etikoa azpimarratuko nituzke.

Hauteskundeak pasatzeko gogoz izango zarete hautagaiok. Zer egiten duzu deskonektatzeko?
Ni ez naiz politikaz bizi eta badut eguneroko lan bat. Horregatik, hauteskundeak gehigarri moduko bat dira niretzat. Hala ere, kanpainaren alde onena jendearekin harreman zuzena izatea da, eta ez zait hain astuna suertatzen. Dena den, deskonektatzeko familia bizitza egiten dut, eta lagunekin solasaldiak izaten ditut. Irakurtzea eta zinemara joatea ere gustuko ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!