Hauteskundeak 2015. Elkarrizketak

"Gauzak egiteko beste estilo bat, gardenagoa, bultzatuko dugu"

Iñigo Terradillos 2015ko mai. 19a, 15:11

Luke Uribe-Etxebarria da Asteasuko EAJren alkategaia. EAJ alderdiak jarrera "eraikitzailea" izan duela beti nabarmendu du, "asteasuarrak irabazten ateratzeko helburuz". Bestalde, Asteasu Batuz taldearen jarrera salatu du, "jauntxokeriaz erabili baitute boterea"

Azken legealdiaren inguruan zer nolako balantzea egiten duzu?
Geure buruari erreparatu nahi diot lehenengo. Gure jarrera eraikitzailea izan da, asteasuarrak irabazten ateratzeko. Ideologiazko aurreiritziak alde batera utzita, ondo iruditu zaizkigun ekimenak bultzatu egin ditugula, baina txarrak iruditu zaizkigunak ez dute gure babesa izan. Ekimen berriak ere jarri ditugu mahai gainean: udalaren aurrekontua egonkortzekoak, etxebizitza berriak egitekoak, Pello Errota eskolarekin zerikusia duten neurriak babestu ditugu, baita baserritarrei dagozkienak ere; kirol eta kultur eragileak ere babestu ditugu.

Gehiengoa izan duen taldearen jarrera ere salatu nahiko genuke. Uste dugu jauntxokeriaz erabili dutela boterea, adiskidekeria eta faboritismoekin. Gardentasuna ere eskasa izan da eta baztertu egin gaituzte. Herritarrekiko errespetu eza erakutsi dute askotan. Zabor bilketarekin ere inprobisazioz jokatu dute.

Zer nabarmenduko zenuke EAJk osatu duen programatik?
Elkarbizitza eta partaidetza funtsezko bezala nabarmentzen ditugu. Estilo askoz ere gardenago bat jarri nahiko genuke mahai gainean. Uste dugu herri baliabideak ere erabiltzean zorroztasuna azaltzea. Zuntz optikoa jarri, eta plaza berritu eta oinezkoentzako jarri nahiko genuke. Gazteen etorkizunak ere asko kezkatzen gaitu. Gaztelekua babestu dugu, baina enpleguak kezkatzen gaitu. Hezkuntza sistemaren eta gurasoen papera ordezkatu nahi ez badugu ere, jardunaldi batzuk bultzatu nahiko genituzke herrian ikasleek ongi aukeratu dezaten zein ikasketa egin nahi dituzten. Gizarte laguntza guztiak bermatuko ditugu. Hondakinen birziklapenean, berriz, sistema eroso, garden eta sostengarri baten alde egingo dugu, bosgarren edukiontzia, alegia. Bateragarria da auzokonpostarekin.

Zergatik egin beharko lukete asteasuarrek EAJren aldeko hautua?
Ordezkatu nahi dugu elkarbizitza. Bizitza atseginagoa egin nahi dugu, errazagoa. Geure taldea zabala da, anitza, gertutasuna erakutsi duena eta erakutsiko duena. Esperientzia badugunez lantalde trebea da, udaleko baliabideak modu egokian kudeatzeko. Asteasuar guztiek dute lekua gure proiektuan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!