Osasun publikoaren aldarria egin dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 17a, 08:52
Jendetza bildu da gaur, Tolosan
Jendetza bildu zen larunbat eguerdian Tolosan egin zen osasun publikoaren aldeko manifestazioan, antolatzaileek esan zutenez 1.800 pertsona. Osasun eskualdea osatzen duten 30 udalerrietako alkateekin batera, 42 herri eragilek eta herritar askok hartu zuten parte. Eneko Maioz Orexako alkateak manifestazioaren arrazoiak azaldu zituen.

Jendetza bildu zen larunbat eguerdian Tolosan osasun sistema publikoa aldarrikatzeko. Trianguloatik abiatu zen manifestazioa eta helburua 2011n Osakidetzak eta Asuncion klinikak sinatutako hitzarmenaren ondorioak salatzea izan zen. Izan ere, hitzarmen hori eta gero anbulatorioko espezialitateak klinikara eramaten hasi ziren eta nolabait ere pauso bat eman zuten Tolosaldean osasun publikoa pribatizatzeko, alkateek salatu zutenez.

Manifestazaio Plaza Berrian bukatu zen, eta bertan Bakartxo Mendez Legorretako alkateak hartu zuen hitza. Mendezek esan zuenez, garbi eta argi geratu da osasun eskualdea osatzen duten herritarrek ez dutela osasun sistema pribatua nahi, eta osasun publikoaren aldeko aldarria egin zuen. Era berean, Osasun sailari konpromisoak eskatu zizkion, eta kontzertazioa 2011 baino lehenagoko egoera zela esan zuen, "eta ez oraingoa, orain pribatizazio baten aurrean gaude".

"Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetako zerbitzu bera nahi dugu, publikoa, kalitatezkoa, erdigunean pertsonak izango dituena diruaren gainetik. Argi adieraziko diegu, gurea ez dela aldarrikapen demagogo bat, ongizatean, bizi kalitatean oinarrituriko aldarrikapena baino. Ez gara merkantzia bat, pertsonoi, ezin zaigu prezioa jarri eta gure osasun kalitatea ezin da pertsona baten diru irabazietan oinarritu", gaineratu zuen. Kudeaketa publikoa eraginkorrena dela ere esan zuen, eta Osasun sailak urtero bideratzen dituen 20 milioi euroak eskualdeko ospitale publikoa finantzatzera bideratzeko eskatu zuen, "eta ez negozio pribatu bat sustatzera". 

"Gure osasuna dirutan kontatzerik ez dagoelako, jarri dezagun argi, ozen, kementsu eta alai oihukatzen. Osasun eskubidea publikoa eta kalitatezkoa!", esan zuen bukatzeko.


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!