Osasun sailburuak jaramonik egin ez diela salatu dute alkateek

Mikel Iraola 2013ko aza. 27a, 18:07

Tolosaldeko alkate eta udal ordezkariek, Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak, Tolosaldeko osasun publikoaren egoeraren inguruan egindako eskariei jaramonik egin ez diela salatu dute, eta zentzu horretan eskualdeko biztanleen osasuna lehen mailako arazoa dela aldarrikatu.

Udaberrian izan zuten udal hautetsiek Darponekin lehen eta azken bilera. Batzar hartan, Osasun Sailak eta Inviza-k –Asuncion Klinikaren jabeak– sinatutako hitzarmenari buruzko balorazio bat eskatu zitzaion, «eskualdeko osasun zerbitzua okertzen ari zelako». Herritarren kexa kopurua eta itxarote zerrenden luzapena jarri zituzten egoera horren adibide gisa. Bestalde, hitzarmena sinatu aurretiko egoerara itzultzea eskatzeaz gain, etorkizunean klinikaren publifikazioa gauzatzeko mahai bat eratzea ere eskatu zioten.   

Bada, sailburuak egoera horretara itzultzeko idatzizko eskaera egiteko esan zien, eta hura kontutan hartuko zuela. Txosten horretan, TOPA plataformak egiten dituen eskaera berberak egin zituzten alkateek, hau da, 2011ko azaroko egoerara itzultzeko anbulategietan espezialistak jarri eta Donostia eta Asuncion erreferentziazko ospitaleak bihurtzea.

Darponek eskaturikoa bete arren, osasun sailburuak ez die erantzunik eman eskualdeko alkateei: «Ez daukagu ez erantzunik, ezta hitzarmenaren gainean egiten duten balorazioaren gaineko txostenik ere», azaldu du Unai Iraola, Alegiako alkateak, bailarako ordezkarien izenean.

«Maiatzetik deika eta zita eske ibili ondoren, uztailean jakinarazi zigun sailburuak bilera baterako deialdia egiteko ardura bere gain hartzen zuela». Irailean, ordea, ez zuten berririk jaso, eta urritik hona deika ibili ostean, pasa den ostiralean, agenda arazoak medio, sailburuordearekin biltzeko eskatu zien. Darponek izandako jarrera hori salatu dute alkateek: «Tolosaldeko biztanleon osasuna ez al da lehen mailako arazo sailburuarentzat?».

Alkateek ez dute osasun sailak nolatan ez dien jaramonik egiten herritar eta alkateak agertzen ari diren kezkari. «Hemen gauden hautetsion ustez, 22 milioi eurotik gorako hitzarmen batek jarraipena eta balorazio mekanismoak izan behar ditu, eta gure ustez zilegitasun osoa dugu honen berri izateko» gehitu du Iraolak.

Arazoak arazo, alkateek Euskal Herriko beste eskualdeetako osasun zerbitzu bera izateko lanean jarraituko dutela azaldu zuten, «erabat publikoa izango dena eta pertsonak helburu izango dituena, irabazi ekonomikoen gainetik. Ez dugu osasun zerbitzuaren pribatizaziorik nahi eta ez gaude prest inposizio honi erantzunik eman gabe gelditzeko. Gutxi batzuen interesen gainetik, eskualdeko herritarren beharrak daudelako». Osasun Sailak ere kudeaketa publiko horren aldeko sustapen lanak egin beharko lituzkeela ere gaineratu dute alkateek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!