Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo Tolosako osasun etxera nahiz Asuncion klinikara eginiko bisitak Tolosaldeko osasun arreta osatzen duten 30 alkateen haserrea sortu du, «alkateekin biltzeko aprobetxatu ez izanagatik». Era berean, beraien esanetan, «sailburua gezurretan ari da, eta bisitarekin argi uzten du pribatizazioaren aldeko erabakia».
Alkateek agerraldian adierazi dutenez, «esanguratsua» da, «alkateei biltzeko bizkarra eman eta Tolosaldeak argi eta ozen osasun publikoaren aldeko aldarria egin eta egun gutxira, Jon Darpon Asuncion klinikara agertu izana». Euren ustez, horrek argi uzten du «osasun sailak pribatizazioaren alde egiten duela». Halaber, esan dutenez, ulertzeko «gogorra» da «30 herritako alkateei muzin egin eta ondoren komunikabideen bitartez alkateei erantzuna ematea».
Izan ere, hainbatetan eskatu diote eurekin biltzeko osasun sailburuari, eta salatu dutenez, «entzungor» egin die haien eskaerei. Horregatik, euren harridura adierazi diete, gaiak Tolosaldean duen «garrantzia» kontuan izanda: «Oso esanguratsua, ulertezina eta errespetu falta handia iruditzen zaigu eskualdera eginiko bisita alkateekin biltzeko ez aprobetxatu izana».
«Sailburua gezurretan ari da»
Bestalde, alkateek salatu dutenez, Osasun sailburua «gezurretan eta gauzak nahasten dabil». Izan ere, diotenaren arabera, «mila bider» adierazi dute helburua 2011 urteko azaroan Asuncion klinikarekin sinatu zen hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzea dela: «Anbulatorioak, Euskal Herriko beste osasun etxeek eta eskualde honetakoek hitzarmenaren sinadura aurretik bezalaxe, espezialitateak eskaintzea eskatzen dugu, eta ondoren aztertuko dugu zer nolako zerbitzuak kontzertatu behar ditugun eta norekin».
Hala, alkateek adierazi dutenez, Osasun sailak 2012 urteko hitzarmenaren balorazio txostenean agertzen diren zenbait puntu argitzea eskatzen dute, eta urteroko 20 milioi euroen zuriketaren txostena erakustea eskatzen dute. «Gu guztiona den diru guzti hau nola erabiltzen den jakin nahi dugu», esan dute.
Bestalde, alkateek argi utzi nahi izan dute ez dutela inoiz auzitan jarri Asuncion klinikako langileen profesionaltasuna, «beraiei esker zerbitzua ez baita gehiago kaskartu». Era berean, egoera ekonomikoaz «jakitun» direla esan dute, eta ondorioz, ez dutela ospitale publiko berri bat eskatzen, «baina bai dauden aukera desberdinak aztertzea, egin gabe dagoen gauza bat hain zuzen».
Osasun sailburuak herenegun eginiko bisitari erreferentzia eginez, alkateentzat «adierazgarria» da Tolosaldean «desegiten» ari diren osasun etxeetara «sartu irten azkarra» egin zuen bitartean bisita «nagusia» Asuncion klinika pribatuan zentratzea. «Horrek argi adierazten digu berriz ere, Osasun sailburu honentzat zerbitzuaren muina klinika pribatuaren eskuetan gelditzeko asmoa dela». Hala, iragan otsailaren 15ean Tolosan eginiko manifestazioa ekarri nahi izan dute gogora: «Manifestazioan parte hartu zuten 1.800 pertsona baino gehiagok argi eta ozen aldarrikatu zuten eskualde hau osatzen dugun herritarrok osasun asistentzia kalitatezkoa eta publikoa nahi dugula».
Darponek «baliabide publikoekin» finantzatzen dela Asuncion klinika esan zuen atzoko bisitan, eta alkateek baliabide horiek nola gastatzen diren jakin nahi dute. Bestalde itundutako egoera eta pribatizazioaren aldea azaldu nahi izan dute agerraldian: «Tolosaldean 2011ko azaro aurretik zegoen egoera zerbitzuen kontzertazio bat zen, egungoa aldiz pribatizazio egoera da, osasun etxean eskaintzen ziren zerbitzuak klinika pribatu baten eskuetan gelditu eta osasun etxeak kendu diren unetik».
Mahaia eratzeko eskaria
Kritikak kritika Tolosaldeko osasun eskualdea osatzen duten alkateek «berriro ere» Jon Darpon sailburuari Tolosaldeko osasun zerbitzuari buruz hitz egiteko mahaia eratzeko eskua luzatzen diotela esan dute: «Egungo osasun arretaz eta etorkizunean honek denon eskubideak bermatzeko (unibertsala, kalitatezkoa, publikoa) hartu beharreko bideaz hitz egin beharko da bertan, osasun etxeetara espezialitateen itzulerak mahaiaren lehen eztabaida izan beharko duelarik».