TOPAk sinadurak bilduko ditu lan mahai bat eratzearen alde

Ataria 2014ko apirilaren 1a

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak hainbat mobilizazio egingo ditu ekaina bitartean. Horien artean, Osakidetza, eskualdeko udalak eta TOPAko langileen ordezkariak bilduko dituen lan mahai bat osatzea eskatuko dute, eta horretarako sinadura bilketa bat hasiko dute.

Lan mahaia bi helbururekin osatu nahi dute TOPAko kideek: "Duela gutxi arte genuen anbulatorioa berreskuratzeko, bere espezializate guztiekin, profesional nahikoarekin eta ekipamendu teknologiko egokiekin, eta, Asuncion klinika pribatua publiko egiteko eta berau kudeaketa publikodun eskualdeko ospitale bilakatzeko".

Sinadura bilketa egiteko larunbatero egongo dira Tolosako Trianguloa plazan, eta honekin batera, esku orriak banatuko dituzte, osasun arretaren inguruko kexak bilduko dituzte, eta materiala salduko dute babes ekonomikoa lortzeko. "Izan ere, oso gutxi lortuko genuen herritarren babesik gabe", esan dute.

Era berean, astean zehar osasun eskualdeko bost zentroetan esku orriak banatuko dituzte, hau da, Tolosan, Villabonan, Ibarran, Alegian eta Andoainen, eta hau guztia aldarrikatzeko giza katea ere antolatuko dute.

Hitzaldiak

Honetaz guztiaz gain, informazio hitzaldiak eskaintzeko prest azalduko dira eta horregatik interesa duten guztiei deia egin diete beraiekin harremanetan jartzeko.

Eskualde mailako manifestazio bat ere egingo dute ekainaren 14an, eta bertan ere lan mahaiaren eraketa defendatuko dute.

"Eskualdeko herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimen hauetan parte hartzera, izan ere utzi diguten bide bakarra baita kalera irtetea eta mobilizatzea", esan dute.

Bukatzeko, herritarrei TOPAn parte hartzeko gonbita luzatu diete, eta asteartero, 20:00etan, Tolosako Abastosen biltzen direla gogoratu. topakoordinatzaile@hotmail.com helbidera ere idatzi ahal dela nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!