Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan ziren herenegun, eta balantze baikorra egin dute, «alderdi guztiak posizionatu direlako publikotasunaren alde», eta hori «aurrerapausoa» delako. Hain zuzen ere, Gizarte Politikako Batzordean egin zuten agerraldia plataformako Jesus Mari Aranzegik, Jabi Aranak eta Mari Mujikak, eta batzordea amaitzean azaldu zuten moduan, «orain, ikusi beharko da noraino dauden prest alderdiak publikotasunaren aldeko apustua egiteko».
Plataformak azken hilabeteetan egin dituen salaketak eta aldarrikapenak jarri zituen batzordearen mahai gainean. Batetik, Tolosaldea dela ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra esan zuten, eta Asuncion klinikak «osatu ez baino, osasun publikoa ordezkatu» egiten duela salatu zuten, «espezialitateen osasun etxea ixtea eta guztia Asuncionera igarotzea baita helburua». Hala, esku pribatuak osasungintzan sartu ahal izatea ahalbidetzen duen legearen ondorio dela hori, eta horren aurka egin zuten, zerbitzuak kalitatezkoa izateko publikoa behar duela izan defendatuz. Zerbitzuak jasotzen dituen «kexak» edota «itxaron zerrenda handiagoak» ere izan zituzten hizpide, eta espezialista lana egiten ari direla mediku asko «horretarako titulua izan gabe» ere adierazi zuten: «Agian hori legezkoa izango da, baina ez da etikoa». Asuncion klinikaren jabetza duen enpresaren egituraren inguruko zalantzak ere azaleratu zituzten: «Klinikaren kontzertuarekin loturiko enpresa Inviza da, eta bere buruan Yatpinde enpresa dago, eta buru moduan Jesus Gomez Montoya agertzen da, era berean, Adegi, Confebask edota CEOEko kide dena». Enpresen egitura horren «trikimailuekin» klinikaren zor historikoak urteetan bere horretan jarraitzen duela azaldu zuten. Klinika handitzea aurreikusten zuten obrak, Tolosako aurreko udal gobernuarekin sinaturiko baimena eta horren aurkako epaia ere ekarri zuten gogora. Eusko Jaurlaritzatik urtero 20 milioi euro inguru jasotzen dituela Asuncionek ere nabarmendu zuten, eta iaz 600.000 euro gutxiago jasotzearen ondorioz, soldata jaitsi zitzaiela langileei. «Epaitegira jo zuten, eta azkenean dirua itzuli behar izan diete».
Osasunak publikoa behar duela izan defendatu zuten alderdi guztiek, baina, batzuek,kasu batzuetan pribatuaren eskuhartzea defendatu zuten. Hala, herritarren osasunaren kontura etekinak ateratzearen aurka hitz egin zuten alderdi batzuk, eta babes osoa azaldu zioten plataformari, euren lana zorionduz.
Asuncion Guerra
PP
«Publikoa eta pribatuaren kolaborazioaren aldekoa naiz, baina mugak daude»
«Tolosak 70. hamarkadan osasun etxe handienetakoa zuen, espezialitate ugarirekin, beraz, zaila da ulertzea nola iritsi garen egungo egoerara. 1988.ean hasi ziren akordioak sinatzen. Klinika hondamendian eta zor handiekin zegoen, eta aurrera egin zuen dirua sartu zelako sinatu ziren akordioengatik. Baina, akordio horiek kontrolik gabe egin ziren, eta irregularrak ziren. Ni hainbat bileratan izandakoa naiz, eta Jokin Bildarratz berari entzuna diot Asuncionek publiko behar zuela izan. Espezialisten zerbitzua ematen duten medikuen kasua, esan behar da espezialista ez izan arren, legeak ahalbidetzen duela hori egitea, baina, horrek zer esan nahi duen ere kontuan hartu behar da. Bestalde, egia da itxaron zerrendak asko handitu direla, eta Tolosaldeko herritarrek beste eskualdeetako osasun arreta berdina merezi dute. Osasun publikoa eta pribatuaren kolaborazioaren aldekoa naiz, baina, batzuetan mugak zein diren jakin behar da».
Maite Sarasua
ARALAR
«Tolosaldekoa aproba bat da, baina, herritarrekin egin dute topo»
«Egia da Tolosaldekoa ondoren Euskal Herri osora hedatzeko esperientzia pilotoa izan daitekeela. Pribatizatzeko kultura dator, baina, kasu honetan, herritarren oztopoarekin egin dute topo. Gu zerbitzu publikoaren alde gaude, arlo guztietan. Afera honetan galdera asko daude egiteko: Nolatan babesten du EAJko gobernuak hau guztia? Adegiko kide den eta klinikaren jabe denari nolatan babesten dio, eta ez Tolosaldeko herritarrei? Zenbat diru publiko jaso du klinikak, eta nola inbertitu da hori guztia? Guztiek esaten dute osasunak publikoa behar duela izan, baina gero beste gauza bat egiten da. Ezinezkoa dena da negozioa egitea pertsonen osasunaren kontura».
Maria Jesus Egido
PSE-EE
«Guk beti babestu dugu osasun publikoa, eta gure babesa izango duzue»
«TOPA plataforma erakunde eta elkarte desberdinek eta anitzek osatzen dute, eta osasun publikoaren aldeko ekimen nekaezinak burutu ditu. Tolosaldeko osasun arretaren egungo egoera errealaren berri eman duzue, osasunean ekitatea nahi duzue, eta ni horrekin geratzen naiz. Ea akordioak lortzen diren, eta lehenbailehen egungo egoera hobetzeko balio duen. Guk beti babestu dugu osasun publikoa, eta gure babesa izango duzue».
Maria Anjeles Lazkano
EAJ
«Publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa da osasun zerbitzua Tolosaldean»
Argi dago Tolosaldean ere osasun publikoa hobetu daitekeela. Hala ere, iruditzen zaigu Tolosaldeak zerbitzu publikoa duela, gaixoek ez dutelako dirurik ordaindu behar, horretarako jartzen duelako Osasun sailak. Hobetu daiteke, eta zuek zuen ikuspuntutik dauden hutsuneak azaldu dituzue. Tolosaldeko osasun zerbitzua publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa da. Egia da azken urteetan aldaketak egon direla, eta, agian, horiek hobetu egin behar dira. Nire zalantza da Andoain eta Legorretako biztanleak batzen direnean agian hutsune horiek handitu egingo direla, eta kalitatea hobetzeko egin beharko da lan».
Inko Iriarte
BILDU
«Enpresa pribatu jakin batzuen aldeko jarrerak maiz ikusi ditugu»
«Tolosan betidanik egon da osasun etxea, espezialisten zerbitzuekin, eta orain itxi egin dute, zerbitzua pribatizatuz. Diru publikoarekin enpresariaren irabaziak bermatzen dira, eta gainerakoarekin kudeatzen dute zerbitzua. Nolabaiteko esperimentua egiten ari dira Tolosaldean. EAJk hasi zuen, eta PSEk ez zuen eten Jaurlaritzan izan zenean. Asuncionekin zegoen kontzertua berritu da, eta zerbitzuaren pribatizazioa areagotu da. Tolosako aurreko udal gobernuaren moduan, enpresa pribatu jakin batzuen aldeko jarrerak maiz ikusi ditugu. TOPAren izaera anitza aipagarria da, izan ere, ez da kolore politikoa duen eskaera. Harrigarria da Montoyarena, pertsona batek nola izan dezakeen horrelako boterea alderdi politikoak eta gobernuak bere zerbitzura jartzeko, eta Inviza enpresarekin egina duen ingeniaritza fiskala, irabaziak ezkutatu eta 4 milioi euroko zorra ez kitatzeko