2013ko maiatza inguruan, Invizak soldaten jaitsiera baten berri eman zion Asuncioneko enpresa batzordeari; bataz beste, langileen soldatak %7 eta %4,2 artean jaisteko asmoa zutela jakinarazi zieten. Arrazoia Eusko Jaurlaritzatik jasotako gutun bat zela azaldu zuen Asuncion Klinika kudeatzen duen Invizak, eta gutun horretan, erakundeak klinikarekin sinaturiko kontzertuak beherakada bat izango zuela azaldu zuen jaurlaritzak: «Horrela, lan baldintzen funtsezko aldaketa proposatu zuen enpresak, eta negoziazioak hasi ziren», azaldu du Oihana Lopetegik.
Baldintzak negoziatzen hasi zirenean, ordea, Invizak «etengabe» arazoak jarri zituela salatu zuten enpresa batzordeko kideek, eta epaiak horretan ere arrazoia eman die: Eusko Jaurlaritzako gutuna negoziazioak hasi eta 10 egunera aurkeztu zuen Invizak, eta era berean, 2013ko datu ekonomikoak ematea ukatu egin zieten langileei. Honenbestez, eta «soldata jaitsiera horiek egiteko benetako arrazoirik ez zela ikusita», enpresa batzordeak epaitegira jo zuen.
Auziko eskatzaileek, langileek alegia, enpresaren fede txarra eta soldatak jaisteko argudio falta erabili zituzten epaiketan, Invizaren aurka, eta epaiak arrazoia eman die horri dagokionez. Honekin batera, ordea, Invizako Gomez Montoya jabeak enpresa sare bat kontrolatzen duela ere onartu du epaileak.
1994an hasitako istorioa
Asuncion Klinikak porrot egin zuen 1994. urtean. Jesus Gomez Montoyak, orduan, Inviza SA enpresa sortu, eta klinika erosi zuen.
Asuncion erostearekin batera, ospital kontzertatua zenez, Montoyak akordioa sinatu behar izan zuen Eusko Jaurlaritzarekin, eta bere diru sarreren %95a jasotzen du gobernutik; urtero 20 milioi euro inguru. Hitzarmenaren arabera, enpresa berri honek Asuncion klinikak Gizarte Segurantzarekin, Fogasarekin eta Gipuzkoako Ogasunarekin zituen zorrak ere bere gain hartu zituen. «Akordioa oso ona zen Invizarentzat: Gizarte Segurantzak, Fogasak eta Ogasunak ezin dituzte enpresaren ondasunak enbargatu, eta Invizak zor hori ordaindu behar du pixkana», azaldu du LAB sindikatuko Oihana Lopetegik.
Asuncion Klinikaren zorra, ordea, 4 milioi eurotik gorakoa zen. Horrela, ordainketa sistema ere zehaztu zuten akordioarekin: 1996 eta 1997an, Invizak bere irabazien %20a bideratu behar zuen zorra ordaintzera; 1998 eta 1999an, berriz, %40a, eta 2000 eta 2001ean irabazien %50a bideratuko zuten zorra kitatzera. Lehen sei urte horiek pasatakoan, 2001etik aurrera, Invizak bere irabazien %75a zor hori ordaintzera bideratu behar du, guztia kitatu arte.
Zor hori, ordea, ez da ia jaitsi 19 urtean,eta 2011n 4.019.530 eurokoa zen, oraindik, kitatu beharreko diru kopurua. Eta bide hau da, hain zuzen, LAB sindikatuak epaiketaren bidez zabaldu eta ezagutarazi nahi izan duena.
Montoyaren enpresa sarea
LAB sindikatuak Invizaren helburua enpresa pribatu batena dela uste du: «Osasungintzaren alorrekoa den arren, irabaziak izan nahi ditu Gomez Montoyak, eta horretarako, aurreko zorra ordaindu beharko luke; ez da horretan ari, ordea».
Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza SA enpresa, enpresa sare bateko zati da, eta LABek argitara emandako datuen arabera, Jesus Gomez Montoyak du sare honen guztiaren kontrola. «Funtzionamendua enpresa talde horren baitakoa denez, Invizaren etekinak talde horretan barrena desbideratzen dira, eta Invizak ez du irabazirik aitortzen; zor historiko eta era berean publiko horren ordainketak, beraz, lehen aipaturiko portzentaje horien arabera, oso-oso txikiak dira. Guk egin ditugun kalkuluen arabera, ia 200 urte pasa beharko lukete zorra kitatzeko», azpimarratu du Mari Mujikak.
Tolosaldeari dagokionez, sare honetan bost enpresa daude. Yatpinde Tatso Brahmande delakoa da burua, eta Jesus Gomez Montoyarena da Yatpinderen %99.92a; gainerako %0.02a, berriz, Montoyaren emazte eta hiru semeen artean banatuta dago.
Yatpindek eskualde honetan aritzen diren beste hiru enpresa kontrolatzen ditu, zuzenean edo zeharka: Geusa, Asistencia Medica Tolosa eta Inviza. Horrela, Yatpindek Geusaren jabetzaren %100a du, eta Invizaren %33 ingurua. Aldi berean, ordea, Geusak kontrolatzen du Invizaren gainontzeko %44,54a. Azkenik, Asistencia Medica Tolosa (AMT) enpresa Inviza (%60) eta Geusaren (%40) bitartez kontrolatua da. «Hau guztia ikusita, zer esan dezakegu? Jesus Gomez Montoyaren kontrolpean daudela Yatpinde, Geusa, AMT eta Inviza», diote LABeko ordezkariek.
Tolosaldetik kanpo ere, Yatpindek beste hainbat enpresa ditu, hirugarren adineko zentroetara begira, Kantabrian nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan. Adegiko kide da, gainera, eta «hirugarren adineko zentroetako hitzarmenen negoziazioetan Adegiren izenean mahaian esertzen den pertsonetako bat da».
Enpresen paradisua
2012ko abendura bitarte, Gipuzkoan legearen barruan zegoen halako enpresa sareak sortu eta dirua batetik bestera pasatzearena. Enpresen promoziorako elkarteen sistema deritzo, eta foru aldundiak deuseztatu egin du 2013an.
Mujikaren ustez «mundu guztiak daki hori etekinak desbideratzeko formula bat dela», eta espainiar estatuan Hego Euskal Herrian soilik funtzionatzen du: «Gipuzkoak kendu du jada, baina harrigarria bada ere, Bizkaian, Araban eta Nafarroan sistema honekin jarraitzen dute», dio Mujikak. Horrela, LAB sindikatuak ulertezintzat jotzen du «EAJk, PSE-EEk eta beste hainbatek enpresa hauen negozioak onartzea, eskualde honetako 65.000 herritarren osasunarekin».
Sistema honen bitartez, beraz, eta aipaturiko sarean, Yatpindek, Geusak, Invizak eta AMTk elkar elikatzen dute. Batetik, Geusa da Asuncion Klinikak Andoain eta Belaten dituen kontsultetako lokalen jabea, eta baita klinikako aparkalekuarena ere. Hortaz, Invizari alokairua kobratzen dio, eta 2009tik 2011ra bitarte, 466.820 euro ordaindu zizkion Invizak Geusari.
Horrekin batera, ordea, Geusak Invizari medikuntza zerbitzuak ere eskaintzen dizkio, eta Invizak berezko kostua baino askoz ere gehiago ordaintzen dizkio zerbitzu horiek, Geusari: 500.000 euro inguru kostatzen dena, 1.400.000 euro inguru ordaintzen dio. «2009tik 2011ra bitarte, alokairu eta zerbitzuekin, Geusak Invizatik behar baino 3.107.894 euro gehiago eskuratu zituen», dio Oihana Lopetegik.
Aldi berean, Geusak Yatpinderekin, sareko buruarekin, 4 milioi inguruko zorra dauka, Yatpindek mailegu bat eman diolako. Mailegu hau oso interes altuekin ordaintzen dio Geusak Yatpinderi; %15 edo gehiagokoekin, zehazki. 2011. urtean, adibidez, 700.599 euro ordaindu zizkion interesetan bakarrik. Yatpindek aipaturiko mailegua emateko, ordea, bankuei eskatu zien kreditua. Geusari kobratzen dizkionak baino askoz ere interes baxuagoak ordaintzen dizkio, ordea, bankuari; %3ko interesak, gutxi gorabehera.
Dibidenduak ere kobratu zituen, gainera, Yatpindek Geusatik, 2010ean. Guztira, 2009 eta 2011. urteen artean, 3.156.646 euroko irabaziak eman zizkion Geusak Yatpinderi.
Irabazirik ez aitortzea helburu
Sare eta diruaren joan-etorri korapilatsu hauek duten helburua «argia» da LABen hitzetan: «Asuncion Klinikaren zor historikoa ez ordaintzea».
Lau enpresa hauek elkarren artean dituzten harreman ekonomikoen ondorioz, Invizaren 2009tik 2011 urtera bitarteko balantzea negatiboa da, 3.107.894 eurotan, eta urteko irabazien %75a zorrera bideratzen duten arren, oso kopuru baxua da hori.
Asuncioneko enpresa batzordeak jarritako salaketaren epaia politikoa den arren, eta hasiera batean langileen baldintzak lehengora itzultzeko eskumena bakarrik duen arren, LAB sindikatuko kideek informazio hau ezagutzera emateak «zerbaiterako balio izatea» espero dute, «batez ere eskualde oso bateko osasun kontuez ari garelako».
Gertakariak denboran barrena
Asuncionen auzia
1994. Asuncion Klinikaren porrota, eta Inviza SAren sorrera, Gomez Montoyaren eskutik. 4 milioi euroko zorra Invizak ordaindu behar du.
2011ko otsailak 15. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundea sortu zuten, auzi honen inguruko kezkak herritarrei helarazteko.
2011ko ekainak 1. Asuncion klinika handitzeko obrak geratzea eskatu zuen TOPAk, «diru publikoa esku pribatuetara» zihoalako.
2011ko ekainak 9. Jokin Bildarratz jarduneko alkatea zela, kargua utzi baino bi egun lehenago, obrak egiteko baimena eman zuen alkate dekretuz. Agirietan ikus daitekeenez, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergari zegozkion 231.651 euroak hobari gisa eman zizkion klinikari. Hiru herritarrek honen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten.
2011ko azaroa. Klinikak kontzertua berritu zuen, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzarekin. Espezialitate batzuk anbulatoriotik kendu zituzten, eta Donostiako ospitalera joateko aukera kendu zitzaien Tolosaldeko herritarrei.
2011ko abendua. Invizak hiru herritarrek udalean jarritako errekurtsoei erantzunez, alegazioak aurkeztu zituen.
2012ko urtarrila. Tolosako Udalak baliogabetu egin zuen Jokin Bildarratzen Asuncion Klinikari emandako obra lizentzia, 2011/1125 zenbakidun dekretua erabat deuseztutzat jotzeko.