Unai Iraola: "Osasun arretan galera eman da"

Ataria 2014ko ots. 12a, 10:57

Unai Iraola Alegiako alkateak Tolosan larunbatean osasun publikoaren aldarria egitera gonbidatu ditu herritarrak. Osasun eskualdea osatzen duten 31 udalek antolatu dute mobilizazioa, eta 12:00etan irtengo da Trianguloatik. Bide batez, eskualdeko osasun zerbitzuaren inguruan luze hitz egin du Atariak alkatearekin. Entzun elkarrizketa.

Unai Iraolak osasun sistema pribatizatzeko ahalegina ikusten du Osakidetza eta Asuncion klinikak 2011n sinatutako akordioaren atzean. Bere hitzetan kontzertazioaz edo itunaz hitz egiten badute ere eskualdeko biztanleen arreta ez da hobetu, «gehiago jaitsi ez bada langileen profesionaltasunari esker izan da». Herritarrak larunbateko manifara joatera animatu ditu, eta batez ere, informatzera, eta horretarako TOPAk eskaintzen dituen hitzaldietara joateko gonbita luzatu die. Bihar Ibarrako kultur etxean izango dira, 19:00etatik aurrera. 

Unai Iraolak osasun sistema pribatizatzeko ahalegina ikusten du Osakidetza eta Asuncion klinikak 2011n sinatutako akordioaren atzean. Bere hitzetan kontzertazioaz edo itunaz hitz egiten badute ere eskualdeko biztanleen arreta ez da hobetu, eta «gehiago jaitsi ez bada langileen profesionaltasunari esker izan da». Herritarrak larunbateko manifara joatera animatu ditu, eta batez ere, informatzera, eta horretarako TOPAk eskaintzen dituen hitzaldietara joateko gonbita luzatu die. Bihar Ibarrako kultur etxean izango dira 19:00etatik aurrera.

Zer salatu nahi duzue manifestazioan?

Oinarrian osasun publikoaren aldeko aldarria egingo dugu eta baita 2011n Osakidetzak eta Asuncion klinikak sinatutako hitzarmenaren ondorioak salatu ere. Hau da, hitzarmen hori eta gero anbulatorioko espezialitateak klinikara eramaten hasi ziren eta nolabait ere pauso bat eman zuten Tolosaldean osasun publikoa pribatizatzeko. Ordutik udalok, alkateen eta mozioen bidez, eskaerak egin ditugu informazioa eskuratzeko, eta ez zaigu behar bezalako erantzunik eman. Iluntasun eta informazio falta honen aurrean gure salaketa egiteko deitzen dugu manifestazioa.

Kontzertazioaz hitz egiterakoan ulertzen duguna da, osasun publikoak eskaini ezin dezakeen hori arlo pribatuarekin osatu nahi dela. Hori al dago Inviza eta Asuncionen arteko akordioaren atzean?

Gure iritziz kontzertazioa horixe da, administrazio publikoak eman ezin ditzakeen zerbitzuak erakunde pribatuek emateko metodo bat. 2011ko hitzarmena baino lehenagoko egoera zen hori; hau da, anbulatorioetan espezialista zerbitzuak eskaintzen ziren, eta Asuncion klinikak anbulatorioetan eman ezin zitezkeen zerbitzuak ematen zituen. 2011ko akordioaren ondotik, ordea, espezialitate guztiak klinikara eramatea aurreikusi zen, horrela osasun zerbitzu osoa Asuncionen emanaz. Eta hori gure ustez ez da kontzertazio egoera, pribatizazio batetara iristeko aurrerapausoa baizik.

Hitzarmenaren ondotik erreferentziazko bi ospitale izatetik, hau da Donostiakoa eta Asuncion, bakarra izatera pasatzea salatu duzue.

Eskualde honen kasua berezia da erreferentziazko eskualdeko ospitale publikoa ez duen eskualde bakarra garelako. Hainbatetan salatu dugu, eta horrez gain, hitzarmenak aurreikusten duena da Asuncion izatea erreferentziazko ospitale bakarra. Ondorioz eskaintzen zaigun osasun zerbitzua soilik enpresa pribatu batek emango luke, eta hori da gure kezka.

Pribatizazio osoa ematen da ia hitzarmen honen bidez, hortaz?

Aurrerapauso garrantzitsua da pribatizazio osoa lortzeko bidean. Izan ere, anbulatorioak hustu eta gero oso zaila da atzera egitea, baita kontzertazio egoera batetara ere. Enpresa pribatuak aukera bikaina du esku artean; Osakidetzak Asuncion ez den beste baliabiderik ez luke edukiko Tolosaldean, osasun zerbitzua eskaintzeko.

Nolakoa izan da 2011tik hona Tolosaldean eskaini den osasun arreta?

Kalitatean galera eman da, eta ez zaigu informazioa iristen gainera. Hitzarmenaren kontrola egiteko ardura duena Osakidetza da, eta honek 2011 ez geroztik ez dizkigu jarraipen txostenak eta abar helarazi. Ondorioztatzen duguna da, informazioa ezkutatzen ari zaigula, eta horrela bada, zergatik? Harrigarria da. Dokumentazio honen guztiaren eskaera udalok egin izan dugu eta gu ez ginela konpetenteak informazio hori eskuratzeko esan izan zaigu. Ondorioz, garbi duguna da informazio hau eskuratzeko Eusko Legebiltzarreko kideen bidez egin beharko dugula. Argi utzi behar da, hala ere, informazio hori publikoa dela, eta beraz, ez dakigu zer arazo dagoen informazio hori guri ez helarazteko.

LABek Invizak Fogasa eta ogasunarekin zor historikoa duela ere plazaratu zuen.

Hori izango litzateke eszenatoki honen beste arlo bat. Hau da, enpresa pribatu batek kudeatzen du Asuncion klinika eta enpresa honen atzean dagoen sarea epaileek zigortu dute. Invizak dituen irabazien zati bat zor hori ordaintzera bideratu beharko luke, baina iruzurra eginez, ez du ordaintzen.

Eta bien bitartean hitzarmenak indarrean jarraitzen du, eta diru publikoarekin finantzatzen da.

Asuncion klinikaren, hau da Invizaren, diru sarreren %95a hitzarmen horren barruan sartzen zaion dirua da. Ez dugu ulertzen nola uzten zaion diru publikoz hornitutako enpresa pribatu bati horrelako zerbait egiten. Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere ez dugu ulertzen.

Herriko eragileak izan dira informazio guztia azaleratu dutenak.

Nabarmendu beharrekoa da, guri gai honi guztiari jarraipena ematea tokatzen zaigula, baina egia da gai hau bizirik mantendu baldin bada herri mugimenduei esker izan dela, egoera guzti hau salatzeko egin duten lanarengatik. Guk garbi dugu hemendik aurrera ere elkarlana sustatu behar dugula, eta beraien eskutik joan behar dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!