Asuncionek helburu eta irizpide berdinekin jarraitzen duela diote

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 4a, 10:33
Iragan urteko irailean jakitera eman zen Asuncion klinikako langileek enpresari jarritako salaketaren ebazpena. Epaileak langileei eman zien arrazoia, aplikatu zitzaien %6ko soldata jaitsierarako ez zegoela arrazoi ekonomikorik argudiatuz.

Asuncion klinikak, epai horren aurrean, helegitea jarri zuen, baina, justizia epaitegiak atzera bota du, berriro ere klinikako langileei arrazoia emanez. Enpresa batzordeak sententziaren berri emateaz gain, langileek egun bizi duten egoera ere jendartean azaldu nahi izan du, «enpresaren jarrera ez baita aldatu, eta helburu eta irizpide berdinak mantentzen ari direlako».

Enpresa batzordeko LAB sindikatuko delegatu eta enpresa batzordeko kideek eginiko agerraldian adierazi dutenez, «nahiz eta sententziak esan soldatak jaisteko arrazoi ekonomikorik ez dagoela, enpresaren jarrera ez da aldatu azken urtean». Hala, azaldu dutenaren arabera, «helburu eta irizpide berdinak dituzte negoziazio prozesuan, helburu garbiena lan erreforma aplikatzea delarik langileen 'onespenarekin'».

Soldatak hitzarmenetik kanpo

Izan ere, 2009. urtean bukatu zen langileen lan hitzarmena, eta hura berritzeko negoziatzen jarraitzen dute: «Hitzarmen berria negoziatu arte aurrekoa mantentzen zaigu, eta pasa den urtean negoziaketetan ari ginela, soldaten murrizketa proposatu eta aplikatu ziguten, hori justifikatzen zuen ezer ikusten ez genuenean. Sententzia gure aldekoa izan da, baina, ez da negoziaketarik hautsi», adierazi dute Asuncioneko langileek.

Batzordetik diotenez, enpresak «bere ustezko negoziazio jarrerarekin» ondorengoa eskaini die langileei: «Egungo baldintza sozialak hamar urtez mantentzea, hau da, 2010. urtetik izoztuta daude, eta 2020. urtera arte berdin mantentzea». Horrez gain, soldatak «negoziazio kolektiboaren atalik garrantzitsuena», lan hitzarmenetik kanpo utzi nahi dituztela salatu dute: «Osasun Sailaren finantziazioari lotu nahi dituzte, eta finantziazioa murrizten bada soldatak murriztuko dituzte eta, aldiz, handitzen bada, berdin mantenduko lirateke». Horrekin lotuta, gogoratu dute 2010, 2011 eta 2012 urteetan Osasun Sailak Asuncion klinikarekin duen kontzertua handitu zuela, «baina langileek ez zuten lan baldintzetan hobekuntzarik sumatu».

«Patronalari men»

Halaber, benetako egoeraren arabera negoziatu ordez, patronalak esandakoari men egiten diotela «euren onerako» dio enpresa batzordeak: «Negoziatu egin nahi dute, baina, Adegi, Confebask, eta patronalak esaten dutena jarraituz. Egoera errealari begiratu ordez, Adegik esandakoa aplikatzeko asmoa dute, lan erreformak horretarako aukera ematen baitie; soldatak murriztea finantzaketan murrizketa badago, esaterako».

Langileen ustez, baina, iraileko sententziak argi uzten duen moduan, «enpresa talde osoa hartu behar da kontuan, eta ez soilik Asuncioneko langileak hartzen dituena». Era berean, enpresa talde osoaren administratzaile bakarra Jesus Gomez Montoya dela ekartzen dute gogora, «Adegiko errektore kontseiluko eta aholkularitza kontseiluko kide ere badena».

Bestalde, langileek diotenez, zerbitzu publikoa ematen jarraitzen dute, baina «enpresa honetako langileak ez daude homologatuta publikoarekin». Gainera, zerbitzu hori ematen dutenez, Osasun Sailetik Asuncioneko langileen baldintzak begiratu beharko lituzketela diote, eta «zerbitzu hori ematen duten gainerako langileen baldintzekin berdindu, azpikontratatutako enpresekin Osakidetzak egiten duen moduan». Langileek salatu dutenez, azken batean, «langileen erabateko prestutasuna nahi du Asuncionek, berak nahi duen modu, neurri eta denboran lanean izan ditzan».

Horren guztiaren aurrean, LAB sindikatuak kontzertuaren eta diru publikoaren jarraipena egin dezala exijitu dio Eusko Jaurlaritzari, eta langileen lan baldintzak defenda ditzala, «egoera hori luzatzeak zerbitzuaren kaskartzea ekarri baitezake».

ELA sindikatuak, bere aldetik, esan duenez, «kontzertu hutsa ez da nahikoa arrazoi adostutako lan baldintzak aplika ez daitezen». Halaber, lan baldintzen hobekuntza eta bermea ziurtatzen ez duen hitzarmenik ez dutela onartuko esan dute, eta negoziatzen jarraituko dutela.

Hitzaldi informatiboak

Tolosaldeko osasun eskualdea osatzen duten 30 udalek manifestaziora deitu dituzte eskualdeko herritarrak otsailaren 15ean, Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lelopean. Era berean, hitzaldi informatiboak ere antolatu dituzte, «eskualdeko osasun arretari buruz azken aldian eman diren mezu kontrajarriak argitze aldera». Gaur izango da lehena, Villabonan, Mintzola etxean, 19:00etan, eta etzi, ostegunean, izango da bigarrena, Alegiako kultur etxean, 19:00etan hasita. Datorren astean Ibarran emango dute hitzaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!