Gaur hasiko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saioak, Oñatin, 17:00etan. Igandean, berriz, Amasa-Villabonak hartuko du bigarren saioa. Bertsoaren errota bueltaka hastera doa, eta, herriz herri, bertsolari bakoitzak bere aleak utziko ditu. Udaberrian hasitako jardunaren ondoren, Tolosaldeko hiru bertsolari iritsi dira final-zortzirenetara: Haritz Mujika asteasuarra, Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarra eta Unai Mendizabal zizurkildarra. Uda pasata, txapelketa hasteko zain izan dituzte, Beñat Iguaran amasarra eta Mikel Artola alegiarra. Koska bat gorago dago, duela lau urte finalera iritsi zen Oihana Iguaran amasarra. Final-laurdenetan sartuko da txapelketaren gurpilean.
Joan den larunbatean, ekitaldi txiki batekin aurkeztu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Asteasuko plazan. Bertan elkartu ziren hainbat bertsolari, epaile, idazkari eta gai jartzaile. Txapelketak irauten duen bitartean entzungo den sintonia eta aldizkaria aurkezteko baliatu zuten goiza. Pello Errota izan zuten alboan. Asteasuk bere heriotzaren mendeurrena ospatu du urte guztian, eta aurkezpena izan zen ospakizun guztiei amaiera emateko ginga jarri ziena.
Don Inorrez taldeak txapelketarako sortu duen Errotaren martxa sintonia ezagutzera eman zuten. Imanol Ubedak sortu duen abestia, gaurtik hasi eta abendura bitarte, txapelketaren bertso errotak izango duen doinua izango da; areto, antzoki, frontoi edo kiroldegi guztietako urduritasun minutuak beteko dituena.
Berrogeita bi bertsolariren lehia
Lehen fasean berrogeita bi bertsolarik kantatuko dute. Seina bertsolariz osatutako zazpi talde izango dira, eta saio bakarrera jokatuko dute. Horietatik hogeita hamar pasatuko dira final-laurdenetara. Zain izango dituzte 2015eko txapelketan finalera sailkatu, eta aurtengoan izena eman duten sei bertsolariak: Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Jon Maia, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi. Seina bertsolariz osatutako bost talde lehiatuko dira. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta puntu gehien eskuratzen dituzten beste hamahiru bertsolarirekin osatuko dira finalaurrekoak.
Finalaurrekoak final-laurdenetatik sailkatzen diren hemezortzi bertsolarirekin jokatuko dira. Kasu horretan, sei bertsolariz osatuta, hiru talde egingo dituzte. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da finalera, eta puntu gehien eskuratzen dituzten bost bertsolarirekin osatuko da, Donostiako Ilunben jokatuko den finaleko zortzikotea.
Finalaurrekoak azaroaren 17an, 24an eta abenduaren 1ean jokatuko dira, eta azken saioa Tolosako Usabal kiroldegian izango da. Final handia, berriz, abenduaren 14an izango da, Donostian.
Bertsolariez gain, eskualdeko beste sei pertsona ere buru-belarri ariko dira, bestelako lanetan. Gai jartzaile taldean Imanol Artola Felix, Iker Iriarte eta Ion Zaldua ariko dira. Artolak urriaren 5eko Lasarte-Oriako kanporaketan eta urriaren 7ko Azpeitikoan jarriko dizkie gaiak bertsolariei; Iriartek, Zumarraga-Urretxun, hilaren 28an, eta azaroaren 17an, Arrasaten aritu beharko du; eta Ion Zalduari egokitu zaizkio, azaroaren 2ko Azkoitiko saioa eta Donostiako finala. Horiez gain, txapelketak duen puntu garrantzitsuetako bat epaileen lana izan ohi da. Lan horiek egin beharko dituzte Zigor Leunda, Felix Irazustabarrena eta Mikel Beloki eskualdeko ordezkariek.
Gaurtik aurrera, bertsoaren eta puntuen festa hasiko da. Bertsolariek nor baino nor aritu beharko dute. Hitzak eta doinuak izango dituzte lagun. Sormena izango da protagonista, eta emari horren guztiaren saria txalo zaparrada izango du bertsolariak.
ESKUALDEKOEN SAIOAK
IRAILAK 14. OÑATI
17:00, Santa Ana antzokia.HARITZ MUJIKA. Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Andoni Mujika, Amaia Iturriotz eta Maider Arregi.
IRAILAK 15. AMASA-VILLABONA
17:00, Gurea antzokia. BEÑAT IGUARAN, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzisidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu.
IRAILAK 22. ZUMAIA
17:00, Aita Mari zinema. IÑIGO GOROSTARZU, Ander Lizarralde, Gorka Maiz, Beñat Jauregi, Jokin Bergara eta Unai Muñoa.
IRAILAK 28. ZUMARRAGA-URRETXU
17:00, Zelai Arizti aretoa. UNAI MENDIZABAL, Nerea Elustondo, Eli Pagola, Mikel Tapia, Iñigo izagirre eta Iker Ormazabal.
URRIAK 5. LASARTE-ORIA
17:00, Manuel Lekuona Kultur Etxea. MIKEL ARTOLA, Iñaki Zelaia, Eneko Araiztegi, Aitor Salegi, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre.
URRIAK 27. AZPEITIA
17:00, Soreasu Antzokia. OIHANA IGUARAN, Alaia Martin, eta puntuazioz sailkatuta beste lau.