"Emaitzari asko begiratu gabe, ea saio on bat egiten dudan"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 14a

Txapelketaren aurkezpenak beldur pixka bat sortu dio Mikel Artola alegiarrari. Gerturatzen ari den heinean erreparoa ematen diola kontatu du. Prestaketei begira, dio ez duela «tarte gehiegirik hartu».

«Denbora izan dugu, baina ez naiz gehiegi prestatu. Bestalde, gogoarekin nago. Duela lau urte, bukaerarako, gehiegi eta guzti aritu ginen prestaketekin. Orain ilusioarekin nago, eta askoz ere lasaiago nago. Eta, emaitzari asko begiratu gabe, ea saio on bat egiten dudan».

Hirugarren aldiz parte hartzeak badu eraginik Artolarentzat: «Aurrenekoan ez zara gehiegi jabetzen non zauden; bigarrenean zerbait egin nahi, eta gehiegi eta dena saiatzen zara, eta orain dagoeneko badakizu zer den txapelketa, eta norberaren maila zein den ere ezagutzen duzu, eta alde horretatik ondo» .

Hamarreko txikia du gustuko: «Ea espero dena egiten dugun. Gero eta konbentzituago nago, askotan, saioa egunaren araberakoa izaten dela. Bertan nerbioak kontrolatzen jakitea, bertso lagunekin ondo moldatzea, ea publikoa ere nola dagoen... Niri azken saioa tokatu zait, eta normalean azkenekoan urduritasun handia izaten da, zer pasatuko den zain, eta ea hori guztia kontrolatzen dugun».

Ez dio helbururik jarri bere buruari: «Ahalik eta saiorik onena egin nahi nuke, eta ez dut gehiegi pentsatu nahi hurrengoetan. Uste dut kalte egiten duela, eta antsietate pixka bat ere sortzen duela».

Txapela janzteko faboritoak badaudela argitu du: «Nola ez, Beñat, eta baita bigarren geratu zen Alaia ere. Finalean sartzen denak uste dut aukera baduela, eta Iñaki Apalategi, edo behin baino gehiagotan finalean kantatu dutenak badira, eta, zergatik ez? Eta gure inguruan ere bada ondo dabilen jendea, eta finalaren bueltan ibil daitekeena. Nik badut esperantza, eta baten bat iritsiko delakoan nago».

Erlazionatuak

Bertsotan hastea falta da

Eneritz Maiz Etxarri 2019 ira 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!