Kanporaketa bakoitzerako gaiak prestatzeak ordu batzuk eskatzen dizkie gai jartzaile taldea osatzen duten hamalau pertsonei, eta horietako bat da Imanol Artola Arretxe Felix.
Lehen fasea bukatuta, final-zortzirenak hastear daude. Gai guztiak prest dauzkazue dagoeneko?
Esango nuke final-zortzirenetako gai gehienak prest daudela. Final-laurdenak, finalerdia eta finala, oraindik ere, gutxi gorabehera txurian daudela esango nuke.
Fasez fase joaten zarete orduan.
Batetik, gaien aktualitateak hori eskatzen duelako, eta, bestetik, dena eginda edukitzea gustatuko litzaigukeen arren, udan ez dugulako horrelako sormenik izan.
Lau urtetik behin izaten da txapelketa. Noiz hasten zarete lanean gai jartzaile taldean?
Lau urtetik behin izaten da txapelketa, baina, esan beharra dago, urtero izaten dela Gaztetxoen Eskolarteko Txapelketa, eta eskolarteko txapelketakoak ere beti gai jartzaile taldeak prestatzen ditu. Beraz, urtero aritzen gara. Ez gara egoten hiru urte elkartu gabe.
Pasa den ikasturtean, 2018 urte amaieran, lehengo taldetik nork jarraitu nahi zuen galdetu genuen. Udaberrian izan zen sailkapen fasea, eta guk lehen bilera urtarrilean egingo genuen, lau bat hilabete lehenago. Taldea bildu eta, lehenengo, berriei egiten diegu harrera, taldean integra daitezen.
Taldeko kide bakoitzak ezberdin jokatuko du agian, baina zu noiz hasten zara gaiei begira lanean? Edo egunerokoan beti duzu gaiekiko alerta moduko bat piztuta?
Nik koaderno bat dut, gaientzako bakarrik dena. Ordenagailuan ere, USB batean, bertso gai guztiak bertan daude, eta mugikorrean ere edozein unetan jasotzen ditut. Nahiko alertan egoten naiz ni. Txapelketa datorrela kontuan hartuta, otsailetik adi, udaberriko fasea dela eta. Gai jartzaile bakoitza ezberdina da, baina, nik, esaterako, uda honetan 8-10 saio izan ditut. Harituzeko kide ere banaizenez, sailkapen fase aurretik egin nahi izan zituzten beroketa saio batzuk, eta horietarako ere prestatu behar izan nituen. Orduan, gai ikaragarri sortu behar izan ditut. Beraz, edozein gauza burura etortzen zaidala ere, mugikorrean edo koadernoan apuntatzen dut, gaiak pilatzen joateko. Askotan, ideia soilak apuntatzen ditut, eta gero ematen diot horri forma.
Oso desodernatua naiz, eta gai guztiak leku berean apuntatzen ez ditudanez, hor ibiltzen naiz... Jarri ote nuen edo ez zalantzatan. Saio edo bilera bat datorrenean, orduan bai, dena txukun jartzeko tartea hartzen dut. Final-zortzirenetako gaien pilaketako azken bilera egina dugu. Udan, esaterako, nire lana, goizero-goizero, gosaltzeko garaian Berriahartu eta irakurtzea izan da eta, gero, aldameneko tabernara joan, eta Diario Vascohartu eta, orri bakoitza pasatuz, gairik ba ote den begiratzea. Abuztuan ordu eta erdi hartu dut gaiak sortzeko, egunkariari begira.
Gaien iturria lehortu daiteke, ezta?
Bai, bukatzen da. Errepikatu egin zaitezke askotan, edo gai batzuk pil-pilean daude momentu batean, baina erne egon beharra daukagu. Esaterako, aurpegia zahartzeko mugikorreko kontuak azaroan ere aktualitatea izango zuela ematen zuen, baina jada ez da horrela. Prest egon behar dugu ona zen gai bat kentzeko, eta kentzen ere jakin behar duzu, eta batzuetan horrek min ematen du.
Nola egiten duzue gaiak aukeratzeko taldeko lana?
Gai bakoitzak hiru edo lau galbahe pasatzen ditu. Hasierakoa norberaren galbahea izaten da, eta hori da garrantzitsuena. Bileraren bezperan, prestatzen hastean, ustez egokia izan zitekeen pilatutako gai bat, baina agian gero ez da. Taldean, lehenik, gaien pilaketarako bilera batzuk egiten ditugu. Indibidualki eramaten ditugu gaiak, baina taldean 14 gara, eta gehienetan 10-12 pertsona elkartzen gara erabakitzeko.
Bilera horiek oilategi bihur daitezke, ezta?
Askotan bai, eta luze samar joaten dira. 09:30ean elkartzen gara gosaltzeko, eta 10:00etan gaiekin hasten gara, eta 12:00etan etena egiten dugu, 12:30ak arte. Gero, 14:00etan, bazkaltzera elkarrekin joaten gara. Taldea ondo zaindu behar da. Bilera horietan, esaterako, nik irakurtzen dut «zortziko handirako gai hau daukat» eta, jarraian, oso desatsegina den bost segundoko isiltasun bat izaten da, taldeak gaia onartzen duen eta zakura sartuko duten erabakitzeko.
Zuretzat hain ona den gai hori atzera bota izan dizute?
Bai, behin baino gehiagotan. Saio osoa prestatu behar izaten dugu: hiru zortziko handi, hiru zortziko txiki, puntu-erantzunak,... Eta zuretzako ona denarekin lasai kontatzen duzu, baina saio osoa kontuan hartu behar da. Asko esan nahi du, era berean, gaia irakurri aurretik, gaia nola saltzen duzun. 15 minutu egon gaitezke gai batekin bueltaka.
Behin aukeratuta, gaiak formulatu ere egin behar.
Saioaren asteko astearteetan elkartzen gara, Villabonako Subijana etxean asteburuko saioak prestatzeko. Orduan bai, Iker Iriarte izaten da taldearen koordinatzailea, eta berak ekartzen ditu aukeratuta, hiru zortziko handiak, hiru zortziko txikiak,... Eta, hor bai, gaiak irakurri, eta puntuak eta komak ere eztabaidatzen ditugu. Hemen guztia begiratzen da eta, esaterako, lan guztietan aginte posiziotik abestu behar badu bertsolari batek, horrek aldaketak egitea eskatzen du. Txapelketa hasten den momentutik, astero, bi saio prestatzeak lau ordu eta erdiko bilerak eskatzen dizkigu. Horregatik, meriendak eta bazkariak garrantzitsuak dira.
Bertsolariekin gaien inguruan hitz egiten duzue?
Zozketa garaian-eta hitz egiten dugu, baina hautu pertsonala da, eta nik bai, esaten diet, saioaren ostean, behin berotasuna pasatuta, beraien iritzia emateko, baita hanka sartzeren bat egin badut ere. Egon zalea naiz, baita beste edozein saiotan ere. Izan liteke, gure ustez formulazio bat egokia izatea, baina gero bertsolariek ezetz esatea. Edo errima bat txarra dela esatea.
Nolako esperientzia da zuretzat gai jartzaile taldean egotearena?
Ederra. Kuadrilla eder bat gara. Nik horrela ikusten dut. Lan asko egiten da, baina urte hasieratik egingo genituen sei bazkari, igerilekuan batera izan gara, edo pilotan jokatu dugu... Talde ederra da. Duela lau urte, behin txapelketa bukatuta asteburu pasa egin genuen, eta behar da. Tentsio momentu handiak pasatzen ditugu, eta momentu batzuetan elkarri izugarriak ere botatzen dizkiogu. 23:00ak direnean eta oraindik ere gai pare bat falta direnean, eta hurrengo goizean 06:00etan lanera joan behar denean... Bada, tarteka, haserretu ere egiten gara. Horregatik, garrantzitsua da gero goxatzea. Taldearen ikuspegitik gozamena da. Gainera, duela lau urte ni bakarrik izan nintzen berria, eta zortea izan nuen; denak berria babestera joan ziren. Hasieratik sentitu nintzen taldeko bat gehiago. Oraingoan berri gehiago sartu dira, eta galdetu egin beharko diegu nola sentitzen diren.
Oholtza gaineko lanean zuek prestatutako gai horiek bertsolariei jartzen eroso sentitzen zara?
Bai. Txapelketak, gainera, segurtasuna ematen dizu. Gai horiek ez dira nireak, taldearenak dira. Tartean izan liteke niri bururatu zaidan baten bat, baina galbaheak pasatuta besteen onarpena izan duen gaia da.
Saioa baino ordubete lehenago egiten da zozketa, eta bertsolariei dena esplikatzen zaie. Zozketa tentsio handikoa izaten da. Lekuaren, egunaren eta bertsolarien arabera, lasaiagoa izan daiteke. Hor, gai jartzaileon lana lasaitasuna transmititzea izaten da. Udaberrian gertatu zitzaidan, eta urduri joaten bazara, disimulatu egin beharra daukazu. Bertsolariari konfiantza eman behar diozu. Eta, behin oholtzara igota, ondo ahoskatzeari ematen diot garrantzia, hau da, ondo ulertu behar da. Gaiak irakurri eta irakurri aritzen naiz, eta nik normalean oholtzan nagoenean ez ditut bertsoaldi gehiegi entzuten. Duela lau urte, puntu erantzunetan oso gaizki pasatzen nuen, baina lau urte hauetan asko ikasi dut ahotsa kokatzen.