"Orain arte oso lasai egon naiz, baina aste honetan barruak mugitu zaizkit"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 14a

Igandean sartuko da txapelketan, Beñat Iguaran amasarra. «Kezka pixka bat badut. Beste batzuk dagoeneko txapelketan aritu dira, eta niretzat lehena izango da. Lehen saioa arraro samarra izaten da beti. Ez dakigu zer egingo dugun, eta arriskutsua izaten da».

Prestaketari buruz galdetzean, udaberritik zerbait aritu dela dio: «Besteak maiatzetik aritu direnean, gai jartzera askotan joaten nintzen, eta kantatu ere egiten nuen batzuetan. Beti gero egiteko horretan, uda ere kanpoan pasatu dut, eta oraintxe hementxe nabil, aztarrika. Besteetan baino gutxiago, esango nuke, baina dagoena dago. Ikusiko dugu ea nahikoa izan den».

Txapelketako lehen saioa, eta herrian bertan egokitu zaio: «Txapelketan esan izan balidate non ez nuen kantatu nahi, herrian esango nuen. Saio ona eginez gero, ondo herrian kantatzearekin. Tentsio gehiago izango dudala iruditzen zait, eta jende ezagun gehiago egongo dela ere bai. Ondo eginez gero, ondo, baina, bestela, errua zerbaiti bota beharko diogu».

Umorezko ariketak nabarmendu ditu: «Egunaren arabera izango da. Denean saiatuko gara, eta ea non asmatzen dugun». Laugarren txapelketa duela esanda, asko direla iruditzen zaio: «Lehen biak pixka bat galduta dauzkat, ordea. Ez daukat lau txapelketa pasa ditudanaren sentsaziorik. Orain arte oso-oso lasai egon naiz, baina aste honetan barruak mugitu zaizkit».

Bere buruari jarri dion helburuaz galdetuta: «Egin dudan prestaketarekin ez nago helburu asko jartzeko ere. Lehen fase hau pasatu nahiko nuke, eta, pasatuz gero, finalaurrekoetara ere iritsi nahiko nuke, azkenekoan iritsi nintzelako. Baina ez dakit neure buruari helburu bat jartzeko obligaziorik edo badudan. Kalean geratzen banaiz, pena hartuko dut».

Txapelaz ez du asko hitz egin: «Betikoak izango dira faborito, eta ez dut uste ezusteko handirik izango denik».

Erlazionatuak

Bertsotan hastea falta da

Eneritz Maiz Etxarri 2019 ira 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!