"Plazan dudan bertsokera txapelketara eramatea izango da nire helburua"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 14a

Hasteko, gogotsu dagoela aitortu du Unai Mendizabal zizurkildarrak. Bigarren txapelketa du, eta hilaren 28an abestu beharko du. 

«Ahal den neurrian prestaketetarako tartea hartu dugu. Astean behin elkartzen saiatu gara, baina beti ez da posible izan. Orain, geratzen diren aste apur horietan, pentsatzen dut intentsitate handiagoz hasiko garela. Udan saio batzuk izan ditut eta horrek burua martxan mantentzen laguntzen du, baina plazako jarduna eta txapelketakoa oso ezberdinak dira. Bertsokera txapelketara egokitzen ahalegindu beharko da».

Ariketez galdetuta, honakoa dio: «Ez dut ariketarik erosoen edo sentitzen naizenik, agian gehien aritua naizelako edo zortziko txikia aipatuko nuke, nire bertsokerari egokien joaten zaion ariketa delako», dio.

Bigarren txapelketa «oso ezberdina» izango dela adierazi du: «Nigandik hasita, bizitzeko modu ezberdina izango da. Orain dela lau urte plazan hasiberria nintzen, eta txapelketarako prestakuntzan hobekuntza nabarmena sentitzen nuen. Agian anbizio gehiagorekin bizi izan nuen txapelketa; sorpresa eta ezjakintasun puntu batekin ere bai». Lau urte pasatu dira, «baina bigarren txapelketa bakarrik» dela azpimarratu du: «Txapelketako plaza gehiago ezagutzen dudala uste dut, eta baita neure burua ere».

«Ez diot neure buruari helbururik jarri, baina ez dut ukatuko datorren Euskal Herriko txapelketan kantatzea polita izango litzatekeenik; baina, kontziente naiz, borroka horretan sartu ahal izateko, egin dudana baino lan gehiago egin behar nuela. Plazan dudan bertsokera hori txapelketara eramatea izango da nire helburua; freskotasunez eta ohi dudan estiloan ahalik eta txukunen eta ondoen saioak aurrera ateratzea».

Txapela janzteko aukerei begira: «Txapelketa honek badu berezitasun bat. Belaunaldi bat txapelketatik kanpo geratuko zela espero zen, eta ez da horrela gertatu. Bertsolari beteranoetako batzuk oraindik ere txapelketan atera dira, eta uste dut haiek duten esperientzia eta mailagatik beteranoen finala izango dela. Egon daiteke sorpresaren bat. Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin aipatuko nituzke, eta eskualdeko Oihana Iguaran ere borroka horretan ibiltzeko moduan ikusten dut».

Erlazionatuak

Bertsotan hastea falta da

Eneritz Maiz Etxarri 2019 ira 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!