"Gogotsu nago berriz hasteko, eta ea eguna lehenbailehen iristen den"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 14a

Zalantzak izan zituen txapelketan izena ematearekin, Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarrak, eta aurrera egitea lortu du, final-zortzirenetara sailkatuz. Hilaren 22an egokitu zaio berriz ere kantatzea, Zumaian: «Udan ez gara geldirik egon, eta gogotsu nago berriz hasteko, eta ea eguna lehenbailehen iristen den. Egia esan, azken aldia luze samar ari zait egiten».

Laugarren txapelketa du honakoa: «Urduritasuna norberak bere buruari jartzen dion presioarekin lotuta egoten da, eta beti izaten dugu helburutxoren bat jarrita. Presio hori hor egoten denez, urduritasuna ere beti hor ibiltzen da. Baina, hasieratik hona, urte horietan guztietan, asko ikasi dudala esango nuke plazan egoten, eta plaza aurreko minutu horiek pasatzen. Uste dut tenple onean joango naizela».

Ariketei buruz galdetuta, «betidanik» ofizioetan erosoen sentitu izan dela dio: «Gure bertsokera normalena hori izaten da; elkarri entzun eta elkarrekin elkarrizketa bat sortzen saiatzen gara. Bakarkakoetarako prestatu arren, ofizioetan nago erosoen».

Helburuak aipatzen hasita: «Nirea ematea behintzat bai, eta saio oso bat egitea nahiko nuke. Gu, elkarrekin gabiltzanok, maila antzekoan gabiltza, batzuk gorago edo besteak beheraxeago, eta gure mailarekin asmatuz gero behintzat, uste dut gutako edozein pasatu daitekeela hurrengo fasera».

Txapela janzteko dituen faboritoez ere aritu da: «Lehen ere puntan dabiltzan horiek izango dira. Nik uste dut ez dagoela sorpresa emango duen inor. Orain dela lau urte finalean egon zen edozeinek txapela jantzita ere, uste dut ez litzatekeela ezustekoa izango. Lehen erakutsi zutelako, eta azken lau urte hauetan ere erakusten aritu direlako».

Erlazionatuak

Bertsotan hastea falta da

Eneritz Maiz Etxarri 2019 ira 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!