"Bertsotan oso-oso ondo egin beharko da aurten finalera sartzeko"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko irailaren 14a

Distantziatik bizi izan du orain arteko txapelketa, Oihana Iguaran amasarrak. Hirugarren aldiz parte hartuko du eta final-laurdenetan sartuko da. «Urri bukaerara arte ez naiz sartzen txapelketan, eta iraileko lehen saio hauetan kideak entzun eta ea zer sortzen den barruan».

Urruti ikusten du: «Nahiko deskonektatuta egon naiz, eta distantzia hori hartzeko gogoa neukan. Gosez iritsi nahi nuen txapelketara, eta baietz ematen du. Gustura ari naiz dinamika ikusten, eta jendearekin topatzen».

Txapelketa prestatzeaz galdetuta: «Ez dut murgildu nahi izan, ez dudalako txapelketako egituran burua jarri nahi. Bertsotan egin nahi dut, eta bertsotan ahalik eta ondoen egiteko batzuetan mugatzaile samarra izaten da txapelketako egitura, orduan, molde horretara ahalik eta beranduen sartzen saiatuko naiz. Ahalik eta zabalen iritsi nahi dut».

Duela lau urte finalean izatearen eragina izango du Iguaranek: «Egia da, badirudiela finalera iritsi beharra daukadala eta, nik behin esperientzia hori bizituta, dudarik gabe, finalean kantatu nahi dut. Ideala litzateke, duela lau urte sorpresa moduan iritsi nintzen moduan, aurten gosearekin iristea finalera. Gauza da, jende oso ona dagoela eta kosta egingo dela finalera iristea. Saioz saio joan behar da, eta ahalik eta ondoen jardun. Gure onenetik gertu bagaude, agian lortuko dugu berriz ere finalean kantatzea. Ez da batere erraza izango, eta lan egin beharko da, eta bertsotan oso-oso ondo egin beharko da aurten finalera sartzeko».

Txapela janzteko faboritoen inguruan galdetuta, asko ditu Iguaranek: «Eta egunaren arabera aldatu egingo nituzke, eta aurtengo Gipuzkoako txapelketan hori oso pòlita iruditzen zait. Finaleko izenak oso ireki ikusten ditut, hau da, asko alda daitezke. Eta, bestetik, txapeldun izateko ere lau bat pertsona ikusten ditut eta, gainetik, beste edonor sar daitekeela iruditzen zait».

Erlazionatuak

Bertsotan hastea falta da

Eneritz Maiz Etxarri 2019 ira 14 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!