«Txapelketa den moduan bizi nahiko nuke, eta erlatibizatu, bertsotan ahalik eta ondoen egiten saiatu: askotan, uste dut ahaztu egiten dugula zertara joaten garen. Duela lau urte sentsazio txarrekin geratu nintzen, eta gutxienez horiek aldatu nahi nituzke. Ez da erraza, baina momenturen batean disfrutatu egin nahiko nuke. Eta noski, ahal bada aurrera egin nahiko nuke».
«Txapelketa beste saio mota bat da eta komeni da txipa aldatzea. Prestaketa konkreturik ez dut egin, baina, txapelketa datorrenean, beti pentsatzen duzu gai batzuekin, eta zure kezkak azaleratzen dituzu, gauzekiko zure ikuspuntua zorrozten saiatzen zara. Teknikoki bereziki prestatu ez naizen arren, gai batzuei buruan buelta batzuk eman dizkiet. Alde horretatik, aurreko txapelketarekin alderatuta, uste dut ikuspegi berriren bat badaukadala».
Ariketei beldurra kendu die: «Bereziki ez daukat gustuko ariketarik. Duela lau urte ariketa pare bat banituen ezabatuta, baina lau urte hauetan lortu dut beldur hori kentzea. Esango nuke ariketa guztiei gogoz heltzen diedala eta, beharbada, puntu erantzunak gustatzen zaizkit eta ofizioka aritzea, baina ez daukat gorriz markatuko nukeen ariketarik, ez onerako eta ezta txarrerako ere».
Txapela janzteko fabori toez galdetuta: «Esango nuke, bi edo hiru buru izango direla, nagusiki, faboritoak. Aurreko txapelduna, nola ez, eta gero, beharbada, Alaia Martin eta Agin Laburu. Niri ilusio berezia egingo lidake Alaiak irabazteak, azken urteetan ibilbide oso oparoa egin duelako. Euskal Herriko txapelketan kolpe gogor bat jasotzetik datorrela uste dut, eta aurten udan entzun dudanetan, behintzat, liluratuta utzi nau. Baina merezi duenak irabaz dezala eta, era guztietara ere, pozik hartuko dut txapelduna, eta txaloz gainera».