Anoetako gaztetxera jende ugari joan zen finala ikustera.
Oso gustura gaude. Jendetza etorri zen. Gure helburuetako bat jendea mugitzea zen, eta plazara hurbiltzen ez den bertsozalea erakartzea. Txiki geratu zaizkigu finala eta aurreko saioak egin ditugun lekuak, beraz, poztekoa da.
Espero al zenuten horrelako erantzuna izatea?
500 pertsona inguru gerturatu ziren finalaz gozatzera. Herrien arteko pikeak izanik, espero genuen jendearentzat erakargarri izango zela, baina, hainbeste ez genuen espero. Egia da ere, txapelketaren formatoa gustatu zaion jende asko zegoela, eta herrietako pikeaz harago, saio guztietara joan direnak bazirela.
Jende gazteaz gain, gainera, helduak ere erakarri ditu ekimenak.
Denetarik egon da. Gazteak izan dira batik bat, eta horiekin batera jende helduagoa ere izan da saioak ikusten. Asko parte hartzaileen gurasoak-eta ziren, baina, beste asko zaleak, beraz, gustura egoteko modukoa da.
Balorazioa, beraz, baikorra ezta?
Oraindik ez dugu balorazio bilerarik egin, baina, ekimena guztiz positiboa izan da. Beti egoten dira gauzak hobetzeko, eta horiek kontuan hartuko ditugu hurrengorako. Txapelketarekin Harituzen izena zabaldu da, eta izana ere pixka bat, beraz, bide horretatik, ea jende berria gerturatzen den bertsogintzara.
Herriarteko txapelketak izan duen harrera ona ikusita, jarraipena izatea litzateke ohikoena.
Pentsatu egin beharko dugu nola egingo dugun. Agian, bi edo hiru urtez behin egin daiteke txapelketa hau. Urtero egitea, ziurrenik, gehiegi litzateke, bai antolaketa, bai eta bertsolari eta zaleentzat ere. Gainera, formato ezberdinak baditugu, eta horiek txandakatzea da gure nahia. Era berean, festa eta bertsoa uztartzen dituzten eredu berriak ere asmatu nahi ditugu.
Parte hartzaileen eta ikusleen aldetik zein mezu jaso duzue?
Esango nuke txapelketa honekin jendeak bertsorako beldur pixka bat galdu duela. Izan ere, Herriarteko txapelketa honen ezaugarrietako bat izan da, ez dela gainerako txapelketak bezain teknikoa. Bertan proposatzen diren ariketak xumeagoak dira. Horrez gain, taldeka da, eta hori guztia ikusita, jendeak beldurra galtzen du. Bertsotan gustura egiten duen jendea badago, baina plazan aritzeko bere burua ez du gai ikusten. Txapelketa honekin, bertan aritzeko gai izan daitezkeela ikusi dute askok. Pentsa, ez dakit txapelketaren ondorio ote den, baina, kuadrilla berri batek izena eman du bertso eskolan aritzeko.
Bertsolaritzara jendea erakartzeko horrelako ereduen bila joan behar al da?
Araban eta Nafarroan ere egiten dira kuadrillen arteko txapelketak, eta Azpeitian edota Zarautzen ere gisa horretako taldekako txapelketak egiten dituzte. Azken horretan, gainera, edonork hartzen du parte, bertsoak gustuko dituen edonork, izan bertso eskola bateko ikasle edo ez. Era askotariko ereduak daude. Pentsatu behar da, lehen bezala, gaur egun ere, bertsogintzan jende asko dagoela. Bertsoak eta bertsoan aritzea askok dute gustuko, baina, agian txapelketa eta epaileen eredu horietatik at. Beraz, bertsozale horientzat aukera ematen dute eredu hauek.