Tolosaldeko herrien artean lehen aldiz jarraitu ahal izango da bat-bateko kantuaren lehia; 10 herri, 11 talde, 33 bertsolari. Harituz bertsozaleen elkarguneak antolatuta, sekula plazan aritu ez direnei aukera eskaniko diete saio informaletan parte hartzeko, eta hilaren 14an abiaraziko dute guztia, Alegian.
Harituzeko Oihana Iguaranek eta Mikel Artolak azaldu dutenez, elkargunea sortu zenez geroztik eskualde mailan saioak edo halakoak antolatzeko behar hori sentitu izan dute: «Onerako edo txarrerako, txapelketa da oihartzun gehien hartzen duena, eta hortik jaio da herriarteko txapelketa hau».
Ostiralean bertan hasita, apirilaren 11ra bitarte luzatuko da lagunarteko bertso-lehien egitasmoa. Horrela, kanporaketa fasea izango da lehenik: «Zozketa bidez erabaki ditugu kanporaketen herriak, eta talde bakoitzak askatasuna izango du saioa bere herrian nahi duen erara antolatzeko, izan ere, Harituzen helburuetako bat indarrak batzea den modu berean, herri bakoitzari bere esparrua ere utzi nahi diogu». Horrela, Alegia, Villabona, Andoain, Larraul, Altzo, Berastegi, Zizurkil, Tolosa, Amasa eta Anoetako taldeek izango dute ordezkaritza, herriarteko lehen txapelketan.
Alegian abiaraziko da herriartekoa, bertako taldearen eta Villabonako taldearen arteko lehiarekin; Ixkiña tabernan prestatu dute saioa, 22:30etik aurrera.
Larraulgoa, berriz, afari formatuan prestatu dute, eta 21:00etan jarri dute hitzordua herriko ostatuan. Bigarren kanporaketa horretan Larraulgo taldea Andoaingoaren aurka ariko da, eta afarirako txartelak ostatuan bertan eskuratu beharko dira 15 euroren truke; haurrek, berriz, 9 euro ordaindu beharko dute.
Saioen funtzionamenduari dagokionez, dinamika berezia prestatu du Harituzek, publikoaren gozamenerako eta saio-ereduari kolore berriak emateko: «Talde bakoitzean, oreka mantentze aldera, bertsotan pixka bat egiten duen norbait bada, plazetan lehenago ere aritutako norbait. Horren babesean, ordea, beste bi ariko dira, hainbesteko esperientziarik gabe. Horrela, gai-jartzaileak proposatuko dizkien ariketak beren artean banatu eta kudeatu beharko dituzte, bertsolari bakoitzaren dohainak eta gabeziak kontuan hartuta. Konbinazio interesgarriak sortuko direla uste dut», dio Iguaranek.
Parte hartuko duten 33 bertsolari horiek txapelketaren «erakusleihoan» egongo dira, baina, horiekin batera, azpiegitura nahiz antolakuntza lanen ardura izango duen talde handia ariko da, buru-belarrik, lanean. Lehen fasean, bakarrik, 9 edo 10 kanporaketa inguru izango dira, eta hori prestatzeko jende asko beharko dutela nabarmendu dute Harituzeko kideek.
Bide beretik, saiorik ezin egin gairik gabe, eta gai-jartzaile taldea lanean ari da jada; hor ere, eskualde izaera mantendu eta herri guztien ordezkaritza zainduz, taldea sortu den herri bakoitzeko, lagun bat ari da gaiak jorratzeko lantaldean: «Horrez gain, saioetan bertan gaiak esatari moduan jarriko dituen jendea ere izango da», azaldu dute.
Festa, bertsoen gainetik
Sekula plazan abestu ez duten hainbat bertsolarik lehen aldiz abestuko du jendaurrean, eta lehen aldi hori eskaintzeko helburuz ere prestatu dute herriartekoa.
Oihana Iguaranek Beterriko txapelketa hizpide izan du: «Lehen Beterriko txapelketa egiten zen inguru honetan, eta oso estimatua zen. Guk horrelako zerbait bultzatu nahi genuen, baina eskualdeko jendeari aukera emanez». Horrela, eskualdean lagunartean bertsotarako dagoen joera indargunetzat hartu dute, txapelketa antolatzeko: «Hemen, zorionez, parrandetan-eta badago bertsotan egiteko kultura hori; jende askok egiten du bertsotan, baina gero ez dira ausartzen modu ofizialean kantatzera. Jende hori guregana ekarri eta animatu nahi izan dugu, eta meritu handia dute, gainera».
Saio ofizialen kutsu serioa alde batera utzi, eta Anoetako Gaztetxeko finalean ez ezik, kanporaketa guztietara ere festa giroa eraman nahi dute Harituzeko antolatzaileek. Helburu horri begira, bertso-aleak epaitzeko modua ere ez da betikoa izango: «nahiko subjektiboa izango da, eta plazan sekula aritu ez den batek bi poto eginda ere, oso bertso ona bota baldin badu eta jendearengana iritsi baldin bada, finalean izateko aukera izango du ziur aski», dio Iguaranek.
Epaitzeko bide horiek, beraz, publikoan zenbait bozka bilduz erabiliko dituzte, eta «saioak nahiko irekiak izango dira, entzuleek erabakiko baitute guztia». Finean, txapelketa irabazten duen taldea teknikoki onena izan beharrean, publikoarengana gehien gerturatzen dena izango da, Iguaranen ustez.
Saioen egutegia eta egin beharreko lanak
Kanporaketak
Otsailak 14, ostirala. Alegian.
Otsailak 15, larunbata. Larraulen.
Otsailak 21, ostirala. Altzon.
Final laurdenak
Martxoak 7, ostirala. Zizurkilen.
Martxoak 8, larunbata. Tolosan.
Martxoak 14, ostirala. Anoetan.
Martxoak 15, larunbata. Villabonan.
Finalaurrekoak
Martxoak 21, ostirala. Lekua zehazteke.
Martxoak 28, ostirala. Lekua zehazteke.
Finala
Apirilak 11, ostirala. Anoetako gaztetxean.
Egin beharreko lanak
Agurra. Bertan prestatu beharko da, eta bost minutu izango dituzte, gehienez ere, pentsatzeko.
1. Oinak emanda bertsoa osatu, 4 eta 8 oinekin. Beste bat bukaera emanda osatu.
2. Lau kopla.
3. Ofiziotan zortziko txikian.
4. Ofiziotan zortziko handian
5. Puntu erantzunak
6. Kopetean hitza jarri, eta bertsolariak asmatu egin beharko du kopetean duena, bertsotan galde-erantzunak eginez.
7. Puntuka desafioa.
*Talde bakoitzean bertsolariek eurek aukeratuko dute ariketa bakoitza nork egin, baina kide bakoitzak, gutxienez, bi aldiz kantatu beharko du; puntuetan, berriz, taldeko bertsolari guztiek parte hartu beharko dute.