Harituz bertso txapelketa

Alegia eta Andoain izan dira Harituz bertso txapelketako lehen sailkatuak

Larraulgo kanporaketako irudia
Ostiral gauean hasi zen Harituz herriarteko bertso txapelketa, Alegian egindako saioarekin. Villabona eta Alegiako taldeen arteko lehiarekin abiatu zen herriartekoa, eta alegiarrak sailkatu ziren. Larunbat gauean berriz, Larraulen izan zen saioa. Larraul eta Andoainen arteko lehian, Andoain izan zen nagusi.

Ostiralean hasi zen herriarteko Harituz bertso txapelketa. Lehen lehia Villabona eta Alegiaren artekoa izan zen. Saio bizi eta umoretsua osatu zuten 6 bertsolariek, entzuleen gozamenerako. Izan zen algara eta txaloz etendako bertsorik, eta debutatu zuten bertsolariek sorpresa ederra eman zuten. Publikoan banatutako 7 epaileek ez zuten lan erraza izan, eta Alegia sailkatu zen 4 epaileren babesarekin. 3 izan ziren billabonatarren alde. Taberna gainezka zegoen, eta bertsolari zein entzuleek primeran pasatu zuten. Alegiarrek Anoetako taldea izango dute aurkari hurrengo kanporaketan.

Hurrengo egunean, larunbatean, Larraulen bildu ziren bertsozaleak Larraul eta Andoainen arteko lehia ikusteko. 45 lagun inguru bildu ziren saioa entzuteko: 35 afaltzera joan zirenak eta beste 10 inguru entzutera joandakoak. Giroa bikaina izan zen, festarako gogoa antzematen zen, eta jendeak ederki pasa zuen. Bertsotan Jexux Mari Irazu, Extitxu Izagirre eta Maddi Etxeberria aritu ziren Larrauldik; eta Jon eta Haritz Escudero anaiak eta Jon Beloki Andoaindik.

Agurrekin hasi zen gozatzeko aukera. Honela hasi ziren larrauldarrak: “Andoaindarrak Andoaingo/trenaren antzian/bi parada eginez/bertso bakoitzian”. Polita agurra eta zorrotza hasiera, saioa girotzeko aparta. Baina andoaindarrak ere ez ziren motz gelditu, eta peluka eta dantzaren laguntzaz osatu zuten agurra, martxosoa bezain polita.

Handik aurrerako ariketetan denetik izan zen. Batzuk, Jexux Mari eta Maddi esaterako, txukun aritu ziren oso, eta dotore zenbait momentutan. Jon Beloki, berriz, erantzuten saiatu zen, eta baita egin ere. Gainontzekoak ez ziren atzera geratu, eta barre algara ederrak sorrarazi zituzten euren ateraldiek. Puntukako ariketa izan zen andoaindarren indargunea, eta larrauldarrena, berriz, zortziko handiko eta txikiko ariketak. Oinekin eta bukaera emanda ere txukun aritu zirela esan beharra dago.

Azkenenean Andoaingo taldea nagusi. Hurrengo aurkaria Tolosa izango dute Tolosan bertan.

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!