Harituz bertso txapelketa

Berastegi, Harituz Bertso Txapelketako lehen finalista

Tolosaldeko Ataria 2014ko martxoaren 24a

Berastegi izango da Harituz I. Herriarteko Bertsolari Txapelketako lehen finalista Amasari irabazi ostean. Ostiralean jakingo da zein izango den bere aurkaria: Zizurkil edo Andoain.

Urepele gaztetxea bete zuen Amasa eta Berastegiren arteko lehiak eta entzuleek saio bizia izan zuten sari. Trikiti doinuekin eman zioten hasiera bi taldeek, agurrarekin giroa berotuz. Ez ziren epelago joan, ordea, ariketak.

Bat azpimarratzekotan, puntutan egindako ofizioa. Saio bikaina egin zuten bi ordezkariek, ligatu ostean kotxean ezin kabitu zebilen bikotearen aitzakian. Gainerako saioetan ere umorea nagusitu zen.

Azkenik, epaileen bozkek berastegiarrak eman zituzten garaile eta horrenbestez, apirilaren 10eko finalean izango dira. Datorren ostiralean jakingo da, Zizurkil edo Andoain izango duten aurkari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!