Harituz bertso txapelketa

Zizurkilera joan da Harituzen I. Herriarteko bertso txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 12a, 20:16
Jon Ormazabal, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegik osatutako hirukoa nagusitu zitzaien, atzo, berastegiarrei. Anoetako gaztetxean jokatu zen Harituz I. Herriarteko txapelketako finala.

Aurreikuspen guztiak betez, Harituz I. Herriarteko Bertso Txapelketaren finala hartzeko txiki geratu zen Anoetako gaztetxea, ostiralean. Berastegi eta Zizurkil jarri ziren aurrez aurre, eta azkenean, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak antolaturiko txapelketa zizurkildarrentzat izan da. Estreinako aldiz antolatu duten ekimenak «oso harrera ona» izan du, bai gerturatu diren ikusleen aldetik, bai eta parte hartzaileei dagokionez ere. Ondorioz, «oso gustura» daude antolatzaileak, eta ziur daude ekimenak jarraipena izango duela.

Hasieratik erakarri ditu herritarrak txapelketak, eta pixkanaka, finalera gerturatuz joan diren heinean, ikusleen kopurua handituz joan da. Hala, finalean 500 pertsona inguru izan zirela esan dute antolatzaileek. Txapelketari, beraz, bukaera borobila eman diote, «festa giro ederra» izan baitzen, eta zaleek erruz animatu zituzten talde bateko zein besteko bertsolariak.

Jon Ormazabal, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi aurreko saioetan baino lasaiago zeuden. Dena den, Mendizabalek azaldu duenez, ardura edo zama moduko bat ere bazuten: «Txapelketa oso ondo joan denez bukaera polita eman nahi geniolako, eta, bestetik, finala zenez irabazi egin nahi genuen». Zizurkilgo taldekideak esan duenez, finaleko ariketa guztietan «oso ondo» aritu ziren: «Aurreko saioetan, agian, batek edo besteak ez genuen behar adinako maila eman, baina, ostiraleko saioan, hirurak ondo aritu ginen, eta uste dut ez zuela inork huts egin bere ariketetan. Oso gustura gaude egin dugun lanarekin».

Aurkariei dagokienez, Iñigo Gorostarzu, Beñat Salbarredi eta Ibon Karrerak osaturiko taldeak ere maila oso txukuna eman zuen, baina, Zizurkil gailendu egin zitzaien. Unai Mendizabalek onartzen duen moduan, euren burua aurretik ikusten zuten, eta espero zuten saioaren amaieran euren izena esatea. Hori bai, «oso polita» izan dela irabaztea esan dute, eta «ilusio handia» egin diela.

Kartzelako gaia, era berezian

Hainbat bitxikeria utzi zituen saioak, kartzelako gaian, esaterako. Izan ere, gai arrunt bat eman ordez, ikusleen artean banatu zen inkestaren arabera egokitu zitzaizkien gaiak bi taldeetako bertsolariei. Nork uste duzu egiten duela lo biluzik? Nork uste duzu sudurretik mukiak atera eta aulkiaren azpian itsasten dituela? Taldeko nork esaten du beti bueltaxka bat egitera doala eta gero sekulako gaupasa egiten du? Horiek ziren gaztetxera saioa ikustera joan zirenek erantzun behar zituzten galderak, eta horrek, noski, une dibertigarriak sortu zituen.

Bestalde, aurreko saioetan ikusleek zazpi boto ematen zituzten, bi boto lehiatzen ziren talde baten herrikoek, beste bi boto beste taldearen herrikoek, eta beste hiru botoak bertsolaritzaz jantziak ziren pertsonek zituzten. Finalean, baina, aldatu egin zuten botoak emateko modua. Txapelketan parte hartu duten taldeei bederatzi boto banatu zitzaizkien, eta horiek erabaki zituzten irabazleak.

Horiei saria banatzeko ardura Aitor Mendiluze bertsolariak izan zuen. Mikel Artola Harituz Bertso Elkarguneko lehendakariak eman zion BECeko finalean saria, eta antolatzaileek Harituzen estreinako txapelketako saria Iruran bizi den andoaindarrak banatzea pentsatu zuten. Behin sariak banatuta, festa goizeko ordu txikietara arte luzatu zen Anoetako gaztetxean.

Zizurkildarren saioak iragartzeko karteletan Anoeta zioen bideseinalea erabili dute. Harituz I. Herriarteko Bertsolari Txapelketa bukatu da, Zizurkilek jantzi du txapela, eta Anoetako seinalea bere ohiko lekuan da ostera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!