Bihar hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzeko fasea. Parte hartzaileei dagokienez, Tolosaldeko zazpi bertsolarik kantatuko dute sailkatze fase honetan: Asteasuko Beñat Zeberiok, Amasako Beñat Iguaranek, Anoetako Txomin Azpirozek, Ikaztegietako Jon Luzuriagak, Berastegiko Iñigo Gorostarzu Etxordek, Zizurkilen bizi den Izarne Zelaia donostiarrak eta Irurako Jon Mendiluzek. Gai jartzaileen artean ere badira eskualdekoak: Iker Iriarte alegiarra, Igotz Alkorta zizurkildarra, Imanol Artola Felix amezketarra eta Ion Zaldua billabonatarra. Epaile lanetan, besteak beste, Zigor Leunda billabonatarra ariko da.
Lehen faseak zenbait berritasun ditu. Horietako bat iraupena da. Ekainaren 2ra bitarte, 20 saio izango dira, bi itzulitan. Lehen itzulian hamabi saio izango dira, ostegun eta ostiraletan; bigarrenean, aldiz, zortzi, larunbat eta igandeetan. Lehen itzuliko bi saio eskualdean izango dira: Altzon maiatzaren 2an eta Anoetan maiatzaren 10ean. Bigarren itzulian, berriz, saio bat izango da eskualdean: Alegian, maiatzaren 26an.
Tolosaldeko bertsolariek jada badakite non eta noiz arituko diren bertsotan: Zeberiok Legorretan kantatuko du, maiatzaren 3an; egun horretan, Orion ariko da Iguaran; maiatzaren 9an, Getarian kantatuko du Azpirozek; 10ean, berriz, Anoetan ariko da Luzuriaga; Zelaiak, Gorostarzuk eta Mendiluzek ere 10ean kantatuko dute, baina kasu honetan, Mutrikun.
Batzuentzat lehen aldia izango da txapelketan, bertsotan ari den belaunaldi berriaren parte baitira; beste batzuek, berriz, esperientzia dute dagoeneko. Gorostarzu eta Iguaranentzat, esaterako, bosgarren aldia izango da. Horientzat, udazkenean jokatuko den txapelketarako txartela lortzea izango da helburua; besteentzat, berriz, bertsotan gustura aritzea. Hori bai, saio txukuna egin nahi dute denek.
Txapelketaren egitura ez da berritasun bakarra, forma bera ere aldatu baita. Ariketetan berritasunak daude. Beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso-eskolek. Keinu hori, hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat datorrela esan dute antolatzaileek, «bertso-eskolak erdigunean jartzen baititu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu».
Sailkatze faseko saioetarako sarrerak salgai daude jada Bertsosarrerak.eus webgunean. Zenbait saioetarako sarrerak agortu dira dagoeneko, besteak beste, Anoetako kanporaketarako. Txapelketaren inguruko informazio osoa eskura dago Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen webgunean, baita bere sare sozialetan ere.