«Urduri ipintzen hasi naizela esango nuke, eta hori ona da nire kasuan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 24a, 12:52

Sailkatze fasean ariko diren eskualdeko bertsolarietatik, txapelketan esperientzia handienetakoa duena da Beñat Iguaran Amondarain amasarra.

Gorostarzuk bezala, txapelketaren azken lau edizioetan parte hartu du, baita 2017ko Txapelketa Nagusian ere. «Urduri ipintzen hasi naizela esango nuke, eta hori ona da nire kasuan», adierazi du udaberriko faseari ekin aurretik.

Aitortu duenez, udaberrian sartu arte ez da seriotasun handiarekin bildu bertso eskolan. «Asko kosta zait txapelketa urtea zela buruan sartzea. Geroztik, astero behin edo bitan geratu gara eta bertsotan egin. Hori izan da nire prestaketa».

Fase hau pasa eta udazkenean jokatuko den txapelketan aritzea izango da Iguaranen helburu nagusia. «Bertsotan txukun samar egin nahi nuke, besterik ez».

Gustukoen duen ariketari buruz galdetuta, puntuei erantzuten eta bakarka gustura ari dela aitortu du. «Gero ikusi egin beharko da egunean bertan zer egiten dugun», gaineratu du.

Iguaranek maiatzaren 3an, ostirala, kantatuko du Orion. Arraunetxean izango da saioa, 19:00etan hasita. Ondorengo bertsolariak ariko dira: Ane Beloki Lopez, Aratz Igartzabal Bidegain, Arnaitz Lasarte Santa Kruz, Axier Bergaretxe Gezala, Beñat Iguaran Amondarain eta Martin Berrizbeitia Zugazagasti.

Erlazionatuak

Txapelketa berean, erronka desberdinak

Josu Artutxa Dorronsoro api 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!