«Nire azken urtea izango denez, ederra litzateke udazkenean agurtzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko apirilaren 24a

Gipuzkoako Txapelketaren azken lau edizioetan aritu da bertsotan Iñigo Gorostarzu Etxebeste Etxorde berastegiarra. «Aurreko aldiekin alderatuta, tenple desberdinean harrapatuko nau. Bizitzako egoerak asko aldatu zaizkit, eta horiek emandako esperientziarekin ekingo diot txapelketari», esan du.

Azken aldian bertso eskola eta bertsoa bera alboratuta izan dituela aitortu du. «Denboraz estu samar ibili naiz burua berriz martxan jartzeko eta nahikoa lan izan dut».

Bertsotan modu naturalean egitea izango da berastegiarraren helburu nagusia: «Ez dut uste ezer berria erakustera natorrenik. Ez dut sailkapenari begira egoteko asmorik. Hala ere, nire azken urtea izango denez, ederra litzateke udazkenean agurtzea».

Gorostarzuk beti izan ditu ofizioak gustuko. «Horrek betetzen nau gehien. Aldiz, bakarka gaia emanda egin beharreko ariketak sortu izan dizkit kezka handienak, baina egoera horri buelta ematea lortu dudala esango nuke», nabarmendu du.

Gorostarzuk maiatzaren 10ean, ostirala, kantatuko du Mutrikun. Zabiel Kultur Etxea izango da saioa, 19:00etan hasita. Ondorengo bertsolariak ariko dira: Ane Peñagarikano Leiva, Izarne Zelaia Arratibel, Iñigo Gorostarzu Etxebeste, Jon Mendiluze Mujika, Josu Ibarguren Elosegi eta Manex Astigarraga Bergara.

 

Erlazionatuak

Txapelketa berean, erronka desberdinak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024 api 24 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!