«Kontzentrazioari eustea izango da erronka, azken boladan arazoak eman dizkit eta»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 24a, 12:56

2015ean parte hartu zuen lehenengoz txapelketan Zizurkilen bizi den Izarne Zelaia Arratibel bertsolari donostiarrak. Hirugarren aldia izango du aurten. «Ilusioz nago, baina hankak lurrean ditut», esan du.

Prestaketari begira, txapelketa aurretik bertso eskolan giro berezia sortu ohi dela dio. «Bertsokideekin astero elkartzen saiatu naiz. Koadernoarekin lan egitea ere egokitzen da, nahiz eta nahi baino denbora gutxiago eskaini diodan».

Txapelketa bizitzea eta erlatibizatzea izango da Zelaiaren helburua. «Kontzentrazioari eustea izango da erronka, azken boladan arazoak eman dizkit eta. Ahalik eta saio txukunena egin eta nire buruarekin jator portatzea izango da hurrengo helburua eta, oro har, honaino lagundu nauen emakume bertsolarien sareari eustea». Adierazi duenez, ez dauka ezer berezirik erakusteko asmorik: «Txapelketa bera tresna moduan bizi nahi dut, bertsoari bolada batez nire bizitzan zentraltasun pixka bat gehiago emateko».

Azken asteotan bakarka gustura aritu bada ere, ofizio zalea dela aitortu du.

Zelaiak maiatzaren 10ean, ostirala, kantatuko du Mutrikun. Zabiel Kultur Etxea izango da saioa, 19:00etan hasita. Ondorengo bertsolariak ariko dira: Ane Peñagarikano Leiva, Izarne Zelaia Arratibel, Iñigo Gorostarzu Etxebeste, Jon Mendiluze Mujika, Josu Ibarguren Elosegi eta Manex Astigarraga Bergara.

Erlazionatuak

Txapelketa berean, erronka desberdinak

Josu Artutxa Dorronsoro api 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!