«Emaitzei begira ez dut helbururik; saio duina eginez gero, gustura sentituko naiz»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko apirilaren 24a

Lehen aldiz parte hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak. «Zalantza batzuk ditudan arren, gogotsu nago», adierazi du.

Prestaketa berezia egin du sailkatze faserako. «Txapelketan izena eman nuenetik, gehiagotan joan naiz bertso eskolara, bertso gehiago entzuten ari naiz eta, oro har, egunerokoan inoiz baino presenteago dut bertsoa».

Helburuari buruz galdetuta, azken asteotako lana bere fruituak ematen ari dela dio. «Izena eman nuenean, bertsoa beste modu batera bizitzea, lantzea eta mailari begira jauzi bat ematea zen helburua. Hori betetzen ari naiz, beraz, ezin naiz kexatu. Emaitzari begira ez dut helbururik. Saio duina eginez gero, gustura sentituko naiz. Lasai eta konfiantzarekin kantatzea gustatuko litzaidake».

Txapelketarako prestaketarekin hasi aurretik, inoiz bakarka aritu gabea zen Luzuriaga. «Ariketa hau landu dut gehien, baina ofizioak gustukoagoak ditut».

Luzuriagak maiatzaren 10ean, ostirala, kantatuko du Anoetan. Mikelasagasti auditorioan izango da kanporaketa, 19:00etan hasita. Ondorengo bertsolariak ariko dira: Beñat Jauregi Etxeberria, German Urteaga Garmendia, Jon Luzuriaga Iurramendi, Julene Iturbe Epelde, Kepa Isasi Salaberria eta Markel Eizagirre Beloki.

Erlazionatuak

Txapelketa berean, erronka desberdinak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024 api 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!