Sevilla II espetxean dauden euskal presoen senide eta lagunek, prentsa agerraldia egin dute eta S.O.S. mezua bidali dute: "Gure senide eta lagunak egoera oso larrian daude, Sevillako kartzelako bizi-baldintzak jasanezinak dira eta euskal presoek gose greban sartu behar izan dute". Preso dagoen pertsona bat gose greban sartu behar izateak "egoeraren larritasunaren tamaina" agerian uzten duela azaldu dute. "Sevillako kartzelan egoera benetan larria da. Euskal preso politikoen eskubideak erabat zapalduta daude: presoak isolatuak dauzkate, ezin dute aktibitaterik egin, kartzeleroek miaketak muturreraino eramaten dituzte, baita kanpotik bisitan goazen senide eta lagunei ere".
"Egoera kritiko" horren aurrean, herriz herri eta herrialdez herrialde, mobilizazioak egiten ari dira Sevillan dagoen "egoera larria" salatzeko. Horren adibide da atzo Lizartzan egindako manifestazioa. Asteburu ere Hernanin itxialdia eta baraualdia egin dute.
Senide eta lagunek gaineratu dutenez, "Sevillako kartzelaren egoera ez da salbuespen isolatua. Estatu espainolak eta frantsesak ezarritako salbuespeneko kartzela politika indarrean mantentzen dute. Tratu krudela areagotuz joan da kartzelaz-kartzela, isolamendu eta bakartzea hedatuz eta normalizatuz, dispertsio politikan sakonduz etengabeko espetxe aldaketa arbitrarioen bitartez, besteak beste".
Estatuek "espetxe politika krudel hau" aldatu behar dutela esan dute presoen senide eta lagunek: "Herritarren mobilizazioei eta egindako presioari esker, presoen eskubideen defentsan aurrera pauso batzuk eman ditugu. Pixkana-pixkana eta tantaz tanta euskal presoen eskubideen aldeko olatua gero eta gehiago zabaltzen ari da Euskal Herriko txoko guztietan. Argi dago, halere, oraindik lan asko egin behar dugula, denon artean, presoen eskubide guztiak errespetatuak izan arte".
Urgenteena, une honetan, Sevillan dauden "euskal preso politikoek helarazi duten SOS mezua Euskal Herriko azken txokoraino eramatea da", zehaztu dute senide eta lagunek. Egunetik egunera presoen osasuna okerrera doala esan dute, eta espetxe politikaren arduradunek sentitu behar dute "ozen eta garbi, herri honen iritzia zen den: Sevilla II-n dauden euskal preso politikoei dagozkien eskubide guztiak errespetatuak izan behar dira, orain eta baldintzarik gabe".
Hurrengo egunetan iniziatibak biderkatuko dituztela iragarri dute. "Datorren iganderako mobilizazio handi bat burutuko dugu Donostian, eguerdiko 12:30ean, 'Sevilla II SOS: Presoak Gose Greban dagozkien eskubideen alde' lelopean". Gipuzkoako jendarte osoari dei egin diete manifestazio horretan parte hartzeko. Bide batez, "besarkada estu bat" bidali diete Sevilla II-n "gose greban eta borrokan" dauden euskal presoei.