"Borrokaldia hastea erabaki dugularik, honetara bultzatu gaituen egoeraren berri Euskal Herriari helaraztea da idazki honen helburua.
Duela lau urte, espetxe honetara lehen Euskal Presoak ekarri gintuztenetik, beti isolamenduko modulu berezian eduki gaituzte. Ez digute inolako aktibitaterik eskura jarri eta ondorioz lau orduko patioaldia baino ez dugu egunean, bertara hirunaka ateratzen gaituztelarik goiz edo arratsaldez. Honek, bi egunez behin, ziegan 26 ordu jarraian igaro beharra eragiten digu.
Patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten digute gorputz osotik, noiz nahi barrabilak edo zakila igurztera helduz, aldioro, tentsio uneak sortuz .
Honek eragindako egoerengatik 72. artikulua delakoa ezartzen digute sarri, artikulu honek sortzen duen inpunitate egoerak (kideengandik banatuak, bakartasun osoa , inkomunikazioa...) ondorio larriak ekarri dituelarik askotan . Mehatxu zein irainak, oheari eskuburdinekin lotuta bukatu eta baita jipoi bortitzak eragin ere . Kartzelarien aldetik sorturiko tentsioak eta ezuste egoerak jada bi preso politikoen jipoitzeak eragin ditu . 2010ko Azaroaren 14an lehenengoa, Grapo-ko kide batek pairatutakoa eta 2013ko martxoaren 25ean bigarrena , Arkaitz Bellon Euskal Preso Politikoak pairatutakoa.
Aurrez aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkigute . Senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu ditugu .
Sendagilearen asteroko kontsulta ez zaigu bermatzen. Ezinezkoa zaigu noiz etorriko den jakitea eta ohikoa da 2 edo 3 astez sendagilerik ez agertzea.
Hainbat kidek osasun arazo kronikoak dituztela kontuan hartuta, ezin larriagoa bilakatzen den egoera da hau.
Egunero pairatzen ditugun eskubide urraketa zein gehiegikeria guzti hauek, ezin uler daitezke espetxe honetako Segurtasuneko Zuzendari ordeak gertakari hauek babesteko, elikatzeko eta sustatzeko duen jarrerarik gabe. Gure aurkako probokazioa etengabea bilakatzen da eskubide urraketa guzti hauen bidez. Egoera bideratzeko helburuarekin hainbat aldiz espetxeko Z-rekin bildu izan gara, baina honek ez du sekula adierazitakoa bete, behin eta berriz jan izan duelarik bere hitza. Epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere emaitza hutsalak izan dituzte.
Azkenean borrokari ekitea baino ez zaigu geratu. Helburua bizitza duin bat eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea da. Honetarako isolamendu mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoaldiak etetea beharrezkoa izango da. Hauek dira gure oinarrizko aldarrikapenak Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoarekin batera Euskal Herriratzen ez gaituzten bitartean. Dispertsioarekin bukatzea da honelako egoerekin behin betiko amaitzeko modu bakarra.
Borroka honetan gure herriaren babesa eta elkartasuna beharrezkoa izango dugulakoan gure borrokaldiarekin bat egitera deitzen zaituztegu, guztiok bat eginez lortuko baitugu. Beraz bada garaia !
Euskal Preso Politikoak Amnistiaren bidean Euskal Herrira !"
Sevillako Euskal Preso Politikoak