Bere senideek, lagunek eta herrikideek bizi duen egoera salatu dute, eta ostiralean Sevillako espetxerantz abiatuko den elkartasun autobusean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, lizartzarrari «babesa eta indarra emateko».
15 egun daramatza lizartzarrak gose greban, eta zazpi kilo inguru galdu ditu. Etxeberriaren gertukoek esan dutenez, «une gogor hauetan gure elkartasuna jasotzea ezinbestekoa da». Hori dela eta, mobilizazioetan parte hartzera, espetxeko zuzendaritzari zuzendutako eskutitzak bidaltzera eta elkartasun autobusean izen ematera bultzatu nahi dituzte herritarrak.
Bestalde, sendiak jakitera eman duenez, presoen abokatuak, beraiekin egoteaz gain, espetxe zaintzako epailearekin izan da, eta presoek aldarrikatzen dituzten puntuak igorri dizkio, espetxe zuzendariari helarazi diezaizkion. Aste honetan izango da abokatua berriro espetxe zaintzako epailearekin, eta emango dituen berrien zain dago sendia.
Etxeberriaren gertukoek adierazi dutenez, duela lau urte eraman zituzten «dispertsioa helburu» lehen euskal presoak espetxe horretara: «Harrez gero isolamendu egoeran aurkitzen dira; euren patioa 20 metro karratukoa da, eta goikaldea sare batez itxia dute, argi naturalik sartzen ez delarik». Bestalde, tentsioa areagotzea sortzen duten egoerak maiz jazotzen direla salatu dute: «Egunero lau ordurako patiora ateratzeko garaian detektoretik igaro beharra izaten dute, eta txandaren arabera, barrabilak eta zakila ukitzera ere iritsi dira; horrek giroa txartzea eta tentsio egoera sortzea eragin dezake, berehala 72. artikulua aplikatuz presoei, eta zigor bezala, 48 orduz zigor ziegara bidaliz».
Horrez gain, hala derrigortuta egon arren, sendagilea ez zaiela astero pasatzen eta irain eta mehatxuak jasan behar izaten dituztela gehitu dute.