Garikoitz Etxeberria lizartzarrak gose greba utzi du, 23. egunean. Sevilla II espetxetik iritsitako berrien arabera, lizartzarrak osasun arazoak ditu: "Hotz eta ahuldadearen ondorioz eztarria hartuta dauka. Ezin du ura sartu. Giarretako mina dauka, eta listuan odola". Etxeberria, bihartik aurrera itxialdian sartuko dela azaldu dute Lizartzatik.
Lizartzan manifestazioa egingo dute azaroaren 24an, igandean, 18:30ean. Mobilizazioan plazatik irtengo dira, eta gose greban nahiz protestan dauden euskal presoei elkartasuna azalduko diete. Garikoitz Etxeberria lizartzarrak 23 egun egin ditu gose greban. Berarekin batera hasi ziren beste bederatzi kidek gose grebarekin aurrera jarraitzen dute. "Beraiei babesa, elkartasuna eta konpromisoa adierazteko" Lizartzara deitu dituzte eskualdeko herritarrak, manifestazioaren antolatzaileek zabaldu dutenez.
Larunbatean Lizartzatik Sevillara Elkartasun Martxan joan ziren. Bertan 80 lagun inguru elkartu ziren espetxe atarian. Oihu, irrintzi eta abarren artean hartu zituzten gose grebalariek, espetxe barrutik, eta hauek ere modu berean erantzun zioten, baita txalaparta doinuekin ere.
Sevilla II espetxean guztira 13 euskal preso daude. Hauetatik 9 gose greban. Beste lauak osasun arazoengatik ez daude baraualdian, baina bai protestan, itxialdian. Guztiek aldarri bera egiten dute, hau da, oinarrizki bizi baldintzak bermatzea. Garikoitz Etxeberria, adibidez, 2011n eraman zuten Sevilla II espetxera, eta lehen egunetik isolamendu egoeran jarri zuten.