Noiztik dago Garikoitz Etxeberria isolamendu egoeran.
Onditzek 11 hilabete zituela eraman zuten Galiziatik Sevillako espetxera, 2011ko uztailean, berorik handiena egiten zuenean. Espetxera iritsi orduko jarri zuten isolamendu egoeran.
Zein maiztasunekin egiten dituzue bisitak?
Alaba eduki eta gero, hilero. Sevilla 950 kilometrora dagoenez, bisita familiarra, intimoa eta 40 minutukoa egun berean jartzen ditugu. Gero, hiru hilabetez behin, elkarbizitzakoa egiten dugu, eta hauek hiru ordukoak dira. Horrez gain, senide eta lagunenenak daude.
Diru asko da hori. Laguntzarik jasotzen al duzue?
Udaletik gizarte laguntzak jasotzen ditugu. Ez dute behar ekonomiko guztia asetzen baina asko eskertzen dira. Lizartzan dauden preso guztiak politikoak dira, eta Euskal Herritik urrun daudenak. Garrantzitsua da laguntza horiek jasotzea.
Espetxe barruko baldintzak nolakoak dira bisitetan?
Duela bi urte inguru aldaketa bat egon zen, eta horren arabera, lehenik argazkia ateratzen dizute, eta ondoren hatz markak hartu. Bisita amaitzean ere hatz markak hartzen dizkizute. Motela eta geldoa izaten da guztia.
Beraz, fitxatu egiten dute bisitara doana.
Betikoa da: gauza irrazional bat ezin da aztertu ikuspegi arrazional batetik.
Biluzteak, miaketak... jasan al duzue horrelakorik?
Hori duela denbora bat gertatu zen, bi asteburutan jarraian, eta euskal presoen bisitei bakarrik. Aldameneko gela batera eman eta biluzteko esan zien... Guri ez zaigu horrelakorik gertatu, baina beti horrela dabiltza, tentsioa nondik sortu.
Behin barrura sartzean?
Gari dagoen lekuraino bi edo hiru funtzionariorekin joaten gara. Bera ere hiru edo laurekin agertzen da. Eurek gure gainetik daudela erakutsi behar dute, eta gogorra da: haurrarekin zoaz, haiek ondoan... Gero berarekin zaudela batetik eta bestetik saiatu izan dira ahal dutena baldintzatzen. Bisitan ekonomatotik janaria edo zerbait hartzeko aukera dauka, baina izan da eskubide hori ukatu dioten egunik ere. Zirikatzen saiatzen dira.
Euren egoeraren kontakizuna nolakoa da?
Gariren kasuan, hasiera gogorra izan zen. Bero handia zegoen garaian eraman zuten, eta patioa batzutan goizez jartzen zioten, besteetan, arratsaldez. Egunerokotasunera ohitzea ez zitzaion erraza egin. Egun batzuetan, ziega barruan 24 ordu baino gehiago pasatzea tokatzen zaio patio sistema horrekin. Alaman aktibitate batzuk egiteko aukera zuen, eskulanak, ikasketak... baina hemen ez. Patioan bi kiderekin edo bakarrarekin egoten da...
Nolakoa da patioa?
Ez da hemendik uste duguna. 20 edo 30 metro karratuko gelatxo bat da. Hormak alde guztietan eta goran sare bat. Osasunarentzat ere ez da ona, hortik preso askok izaten dituzten belaunetako minak eta abar.
Zer da isolamendua?
Espetxe barruan dagoen beste espetxe bat. Leihotik bi metrora beste orma bat daukate, eta zerua garbi ez dute inoiz ikusten, goran sare bat baitute. Ziegatik ateratzen diren bakoitzean funtzionarioak dituzte alboan; baita telefonoz deitzera joaten direnean ere. Gosariak, bazkariak, afariak, gutunak, prentsa, hileroko bi liburuak... funtzionarioek ematen dizkie. Espetxean bizimodua moduluetan egiten baldin bada, kasu honetan ez dute beste presoekin inongo harremanik. Funtzionarioekin bakarrik dute tratua.
Sevillara iritsi eta zuzenean jarri zuten egoera horretan, ezta?
Bai.
Zergatik?
Bertan dauden euskal preso guztiak horrela daudelako. Bisitetara joaten zarenean ere, euskaldunak ezkerreko eraikuntzatik eramaten dituzte, eta gainontzekoak eskuinetik. Azkenean, horrenbestetan ukatzen duten izaera politikoa eurek ematen diela ikusten duzu. Espetxeaz gain beste zigor bat jartzea bilatzen dute, fisikoki eta psikologikoki ahultze aldera.
Ahultze saiakera horri nola egiten diozue aurre?
Onditzek eta bisitek ematen dizkioten indarrekin. Gure arteko erlazioa, bai edo bai, asteroko gutun horien bidez daramagu, eta baita telefono deiekin ere. Bost minutu izaten dira, baina izugarrizko indarra ematen diote berari.
Noiz jakin zenuen gose grebaren berri?
Duela bi hilabete inguru aipatu zidan asmo horrekin zebiltzala. Aurrez, espetxeko zuzendariarekin egindako saiakerak kontatu zizkidan, eta nola jaramonik ez zieten egiten. Zaintza epailearekin ere harremanetan egon ziren gutun bidez, bizi duten egoerarekin amaitze aldera. Funtzionarioei ere gauzak garbi utzi dizkie. Baina, egon diren aldaketak, beti okerrera izan dira. Adibide bezala: kide bat gaixo jarri zen, eta manta bat gehiago eman zioten tapatzeko. Beste funtzionario bat etorri eta manta ‘extrarik’ edukitzeko baimenik ez zuela esan zioten, eta zigor gelan sartu zuten 48 orduz. Egoera horri nolabait aurre egiteko zerbait egin behar zutela erabaki zuten, eta hortik etorri da gose grebaren erabakia.
Nola doaz egunak, eta nola dago bera?
Irmo, eta aurrera egiteko prest. Egoerari irtenbide bat eman behar zaiola garbi zuten. Egun batzuk isolamenduan egotera, ohitu zaitezke, baina horrenbeste denbora. Borroka berak ere indarra ematen die, bizi duten egoera aldatzeko behar horrek. Telefonoz larunbatean hitz egin nuenean indartsu zegoen, baina astelehenean apalago nabaritu nuen; ia 15 egun zeramatzan. Herenegun berriro deitu zuen, eta Onditzekin hitz egin zuen. Aurrez, alabari esan nion aita nekatuta zegoela, eta berak, telefonoz hitz egitean, nekatuta baldin bazegoen lo egiteko esan zion aitari. Umeak esaten dizkion lau kontuk izugarrizko indarra ematen diote Gariri.
Ostiralean Elkartasun Martxa abiatuko da Lizartzatik, horrek ere lagunduko die?
Bai, izugarri. Oihu eta irrintzi batzuk entzuteko aukera baldin badute, barru-barruraino sartuko zaizkie. Beharrezkoa duten babes eta indar hori emango diete hemendik joaten direnek. Bestalde, bertako espetxe zuzendaritzari eta funtzionarioei bakarrik ez daudela erakutsiko diete, eta hori ere oso garrantzitsua da, bertan daudenak atzean herri baten babesa dutela azaltzea.
Espainiako Barne ministroak jaramon handirik ez dio egin gose grebari. Bere esanak entzutean zer sentitu duzu?
Amorrua eta inpotentzia sortzen didate horrelako gauzek. Eurek sortu duten egoera baten aurrean, ez daude ezer egiteko prest. Garbi dugu gobernutik ezer onik ez dela etorriko, horregatik, gakoa euskal gizartean dago. Konpromisoak hartzeko garaia da. Euskal presoek hainbeste urtetan jasandako egoerarekin amaitzeko garaia da, behingoz.