Jarraitu Kilometroak festa 'Ataria'-ren bitartez

Ataria 2022ko ira. 29a, 20:00

'Ataria Irratia'-n zuzeneko saioa izango da, astelehenean egunkaria eta webgunean uneoro egin ahalko da jaiaren jarraipena.

Hemen da Gipuzkoako ikastolen jai erraldoia. Kilometroak festa hartuko du Ibarrak igandean eta TOLOSALDEKO ATARIA-k ez du hutsik egingo. 09:30etik aurrera zuzenean eskainiko du festak ematen duena Ataria Irratian eta webgunean uneoro jarraitu ahal izango da hitzordua. Astelehenean 16 orrialdekoko egunkaria argitaratuko du gainera.

Zaila da aurrez jakitea zenbat jende gerturatuko den igandean Ibarrara, baina eguraldi aurreikuspen onek eta Uzturpe ikastolak prestatutako egitarau oparoak lagunduko du eta litekeena da pertsona ugari biltzea eskualdean. Hori dela eta, ikastolak hainbat aparkaleku atondu ditu ibilgailuak utzi ahal izateko eta garraio publikoa edo txirringa erabiltzeko deia egin du. Lau aparkaleku egongo dira: Okobio eremuan (Leitza aldera), Azkue auzo inguruan (egokitutakoa), Apatta industriagunean eta Zumardiaundian (azken hau autokarabanentzat).

Trena eta autobusa

Ibarrak ez du tren geltokirik, baina Tolosaren gertutasuna kontuan izanda, Aldirietako zerbitzuak 52 tren izango ditu Renferen esanetan: «Operatiboari esker maiztasunak areagotu egingo dira Hernani eta Beasaingo geltokien artean, egun horretarako 33.500 plazako gaitasuna eskainiz». Bestalde, igandean 08:30ak eta 21:30ak artean trenek ez dute Tolosa Erdia geltokian geldialdirik egingo. Lurraldebusek igandeko zerbitzua indartuko du era berean. Tolosa-Donostia zerbitzua indartzeaz gain, Tolosaldeko herriz herriko joan-etorriak indartu ditu. Renfe zein Lurraldebuseko ordutegi zehatza Ataria.eus webgunean ikusi daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!