Ikasle, irakasle, herritar, bizilagun eta talde askok hartu zuten parte Ibarrako Belabieta kiroldegian egin zen aurkezpen jaialdian. Ikastola martxan nola jarri zen gogorarazi zuten lehenik. Ekitaldia Bittori Olaetxea irakaslearen mezu batekin hasi zen. Kontatu zuen bera irakasle zela 19 ikaslerekin hasi zela eskolak ematen eliza ondoko lokalean. Gaur egun 500 ikasle inguruk eta 73 langilek osatzen dute Uzturpe ikastola.
Maite Artola kazetari eta ikasle ohia aritu zen saioa gidatzen, eta hitz hauek bildu zituen Uzturperen inguruan: "Hazirik erein gabe nekez bildu daiteke uzta". Izan ere, eskolako ikasle eta irakasleek antzerki bat egin zuten, eta bueltan-bueltan, mezu horixe zabaldu zuten; hazia ereinda, kasu honetan Ibarrako piperrarena, jaiotzen den landareak askorako ematen duela. Ibarrako kasuan, Kilometroetan bildutako dirua Uzturpe ikastolako jolastoki berria egiteko erabili nahi dute.
Antzerkiaz gain, musika eta dantzak ez zuten hutsik egin. Ibarrako koroak, Eneritz Jauregi bakarlariak, Alur eta Numen dantza taldeek, eta herriko hainbat musikarik hartu zuten parte ikuskizunean, besteak beste, Jon Garmendia, Aritz Sudupe, Jon Urrestarazu, Josu Gabellanes, Hodei Yañez, Enrike Rubiños eta Xabi Malbadik.
Aurkezpenean zehar, 2022ko Kilometroetako leloaren eta logoaren berri eman zuten. Irribarra izango da Kilometroen goiburua, "ezin hobe hautatutako leloa, irribarra hain garesti dagoen honetan". "Irribarra komunitatea sortzen jarraitzeko, irribarra bizilagunekin, irribarra euskal kultura partekatzeko eta besteena geurera ekartzeko, irribarra berrikuntzaren grina ere badelako", esan zuen Maite Artolak.
Gogorarazi zuten, gaurtik zabalik dagoela Kilometroetako denda, Euskal Herria kalean, lehen Comercial San Bartolome denda zegoen lekuan. Eta bertan izango dira eskuragai Kilometroetako arropa eta banderolak, besteak beste. Banderolak erosi eta etxeetako balkoietan jartzeko gonbidapena egin zuten, "Irribarraz jantzi beharko ditugulako Ibarrako kaleak".