Euskararen alde, aurpegia eman dute ibartarrek

Ataria 2022ko urtarrilaren 29a

Goizean, 'Infinitu Irribarra' ekimena burutu dute herriko hainbat gunetan; herritarren irribarreak bildu dituzte argazki bidez, mapa digital batean kokatu eta irribarreen atlas moduko bat osatzeko. 

Ibarrako Uzturpe Ikastolak urte honetan zehar ospatuko diren Kilometroak antolatzen jarraitzen du. Pandemiaren eraginez, ohiko ekitaldi asko egin ezinda geratu dira, eta horregatik birtualki egin daitekeen ekimen bat abiarazi dute gaur: Infinitu Irribarra. Herritarren irribarreak bildu dituzte argazki bidez, mapa digital batean kokatu eta irribarreen atlas moduko bat osatzeko.

Ibarran zehar bost gune aktibatu dituzte: Ibarrako sarrera, Euskal Herria eta Idoiaga kaleak abiatzen diren hirukia; Emeterio Arrese plaza; Garagune alboan dagoen plaza; herriko plaza; eta Izaskun auzoa, mendialdera doazenengan pentsatuz. Horietan, informazioa ematen eta argazkiak ateratzen aritu dira boluntarioak. Une batez izan bada ere, herritarrek maskaren atzean ezkutatzen dituzten irribarreak ikusi ahal izan dituzte, euskararen alde arpegia emateko.

Gaur, gainera, argazkiak ateratzeaz gain, bakoitzak bere argazkia nola atera eta igo dezakeen ere azaldu dute. Behin argazkiak aterata, Kilometroak.eus webgunean kokatu duten mapa interaktiboan joan dira txertatzen. Gaur herritarren irribarreak bildu badituzte ere, aurrerago ekimena mundu osora zabaltzea da asmoa, mapa irribarre gehiagoz betetzeko; diasporara ere heldu nahi dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!