Hizkuntz eskubidea jomugan

Gipuzkoako Aldundia "itxaropentsu" joango da astelehenean Lakuara, hizkuntza irizpideen inguruko bilerara

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 2a, 11:00
Kontseiluak deituta elkarretaratzea egin zuten Tolosan, Urkijoren salaketaren aurka
Kontratu administratiboetan euskarazko irizpideen aplikazioak ekarri dituen ondorioak aztertuko ditu astelehenean Herri Administrazioak Koordinatzeko Batzordeak. Estatuak Gipuzkoako erakunde gehientsuenen aurkako neurriak hartu ditu, irizpide horiek aplikatzeagatik, eta tartean dira eskualdeko herriak ere; aurten Tolosaren aurka egin du, eta Irura, Albiztur, Anoeta, Ibarra eta Villabonako udalei errekerimendua egin die.

Gipuzkoako erakundeek martxoan eskatu zioten laguntza eta babesa Jaurlaritzari. Etxeburuak ausardia eta kemena eskatu dizkio Jaurlaritzari, eta hizkuntza normalizatzeko lankidetzan jarduteko prestutasun osoa azaldu dio.

Herri Administrazioak Koordinatzeko Batzordea astelehenerako deitu du Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak. Bileran, kontratatu administratiboetan hizkuntz irizpideen aplikazioak ekarritako ondorioak aztertuko dira. Gipuzkoako Aldundiak iragarri du bilera horretan parte hartuko duela.

Gipuzkoako Foru Aldundiari egokia da bilerara deialdia, Gipuzkoako erakundeek egindako eskariari erantzuna eman baitzaie. Martxoaren 18an Aldundiko eta Gipuzkoako udaletako ordezkari politikoek erantzun bateratua eman zioten espainiar Estatuaren erasoari, hizkuntz irizpideak ezartzen duen edozein erakunde auzibidean jartzen baitu. Zigor Etxeburua Euskarako foru zuzendariak laguntza eta babes eskaera egin zion Jaurlaritzari eta lankidetzarako prestutasuna eskaini zion, egungoa baino zehatzagoa eta eraginkorragoa den marko legal egokia elkarrekin osatzeko.

Euskarako foru zuzendaria itxaropentsu azaldu da. “Herri erakundeon arteko lankidetza premiazkoa da, euskararen aurkako erasoei aurre egiteko eta hizkuntza normalizatzeko. Lankidetza aro berri baten atarian egotea gustatuko litzaidake”, adierazi du Etxeburuak. Jaurlaritzari, hizkuntza normalizatzeko eskumena duen erakundeari, “ausardia eta kemena” eskatu dizkio Etxeburuak. “Euskararen garapen osoa lortzeko, ados jarri eta pauso eraginkorrak eman behar ditugu, denon artean. Hizkuntza normalizatzeko eskumena duen erakundeari esan nahi diogu normalizazioaren alde egiten badu, bidelagun izango gaituela”, azaldu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!